Bigarren eskuko bizikleten merkatuak irailean

Bigarren eskuko bizikleten merkatuak irailean

Urtero irailaren 16tik 22ra antolatzen den Europako Mugikortasunaren Asteari lotutako ekintza gutxi antolatuko dira aurten, Covid-19 pandemiaren eraginez. Hala eta guztiz ere, bigarren eskuko bizikleten bost merkatu antolatuko ditu Artelatzek beste horrenbeste hirietan.

Lehena, Errenterian izango da ostiral arratsaldean (irailaren 18an), Gamon zumardian. Larunbat goizean (irailaren 19an) Eibarko Untzaga plazan eta Barakaldon izango gara (Anaien parkean); igandean egun osoz (irailaren 20an) Irungo Zabaltza plazan, eta azkenik, irailaren 25ean  Lasarte-Oriako Okendo plazan.

Ahalegin handia egin dugu merkatuen funtzionamendu-protokoloak osasun-prebentzioaren egoera berrira egokitzen, baina horri esker, parte hartuko duten herritar guztiak lasaitasunez hurbilduko dira.

Bizikleten erabilera asko zabaldu da azken hilabeteetan, kirol-jarduerarako ez ezik, eguneroko leku-aldaketak egiteko. Bizikleten sal-erosketek %400 egin omen dute gora gure ingurunean. Testuinguru horretan, herritarren aldetik jasotzen ari garen erantzuna ikusita, merkatuek oso harrera ona izango dutelakoan gaude.

Eskertzekoa da Errenteriako, Eibarko, Barakaldoko eta Lasarte-Oriako udalen eta Txingudiko Zerbitzuak erakundearen ahalegina ekintza horien sustapenean.

Etengabeko prestakuntzan jarraitzen dugu

Etengabeko prestakuntzan jarraitzen dugu

Bizitzen ari garen egoera berri honek aldaketa garrantzitsuak eragin ditu gure lan egiteko moduan ere, eta badirudi gelditu egingo direla aurrerantzean.

Modu ez presentzialean lan egin ahal izateko urrats garrantzitsua egin dugu Artelatzen: areto berezia prestatu, baliabide teknologiko berriekin hornitu eta prestakuntza lan sakona egin dugu. Orain, jarduerak eta material didaktikoa berregokitzen eta berrantolatzen ari gara.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko, Turismoko eta Landa inguruneko departamenduaren dirulaguntza jaso dugu Bonu Teknologikoak: Telelana programaren eskutik.

Eskerrik asko, bihotzez!

Eskerrik asko, bihotzez!

COVID-19rekin lotutako alarma-egoeraren ondorioz sortutako krisiak ziurgabetasunez betetako paradigma berri batera garamatza, baina baita erronketara ere. Albert Einsteinek zioen bezala, “Krisirik gabe ez dago erronkarik”. Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SL ez da bakarrik sentitzen erronka horiei aurre egiten. Buletin honetan, eskerrak eman nahi dizkizuegu gertu egoteagatik eta beste behin ere gure taldean konfiantza izateagatik. Ziur gaude elkarrekin indartsuago aterako garela krisi honetatik, Albert Einstein berriz ere parafreaseatuz Krisia gainditzen duenak bere burua gainditzen du “gaindituta” geratu gabe. Eskerrik asko, bihotzez.

Mitologiaz gozatzen Anduetza eta Arantzazu parketxeetan

Mitologiaz gozatzen Anduetza eta Arantzazu parketxeetan

Azaroko azken igandean eta abenduko lehenengoan, Zegamako Anduetza Parketxean eta Oñatiko Arantzazu Parketxean Marimundukoren ipuin harrigarriak ezagutzeko aukera izan zen. Orain arte urtero ibili izan da pertsonai maitatua Ataungo Barandiaran museoan eta Zegaman kondaira zirraragarriak kontatzen baina aurten estreinekoz izan da Arantzazun.

Pertsonaia mitologikoen laguntzaz, sorginen amak Euskal Herriko hainbat ipuin eta kondaira kontatu zizkien bertaratutako guztiei eta 4 emanaldiak lepo bete ziren, saio oso arrakastatsuak izanik. Parte-hartzaile guztiek asko gozatu zuten euskal kondairak entzuten eta bertatik bertara ikusten.

Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar. Ataunen Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin eta Jentilbaratza elkarteak lan horri eutsi nahi izan dio emanaldi bikain hauek Aizkorri-Aratzeko parketxeetan eskainiz.

Marimundukok esan bezala, jarrai dezagun gure haurrei euskal mitologiako kondairak kontatzen eta hala bazan eta ez bazan… sar dadila kalabazan eta atera dadila …

Leizarrate, antzezpen musikatua Zegaman

Leizarrate, antzezpen musikatua Zegaman

Zegamako Udalak, “Leizarrate, antzezpen musikatua” antolatu du, urriaren 27an, igandearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuaren laguntzaz. Urrup Antzerki Taldeak burutuko duen antzezpen honen bitartez, Aizkorriko bidean, Leizarrate harkaiztia zeharkatzeko ezinbestekoa den San Adrian tunelaren historia ezagutzera emango da (UNESCO-k Gizateriaren Ondare izendatu zuen gune hau).

Biztanle ugari izan ditu historian zehar tunel berezi honek. Batzuk, bere barnean bizi izan dira, beste batzuk bertatik igaro izan dira errege bidetik oinez… Pertsonaia guzti hauen bizipenak antzeztuko dira San Adrian tunelean, bertatik bertara eta kobak eskaintzen duen giro misteriotsuan iraganera salto egingo delarik.

Emanaldi bakarra izango da aforo mugatuarekin. Doakoa bada ere, nahitaezkoa da aurre erreserba egitea Anduetza Parketxearekin harremanetan jarriz (943 80 21 87, anduetza@gipuzkoamendizmendi.net). Hitzordua goizeko 11:00tan izango da Aldaola aparkalekuan, Otzaurtetik 4km-ra. Ondoren, San Adrian tunelera gida batekin oinez joango dira bisitariak antzezpena 12:00tan izango delarik.