Garapen jasangarrirako Agenda2030 ekintza-plan unibertsala, integrala eta eraldatzailea da, eta giza garapena sustatzera bideratuta dago, izaera jasangarriarekin, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren esparruan. Toki-erakundeentzako erronka toki-mailan egokitzea da, garatzen dituen eskumenen arabera.

Txingudiko Zerbitzuak erakundeak erabaki zuen bat etorri behar zuela Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), eta kuantifikatu behar zuela zein zen 2030eko Agendari egin ziezaiokeen ekarpen potentzial eta erreala. Horretarako, Artelatzi agindu zion bere Agenda2030 propioa garatzeko.

Prozesuan 17 eragilek parte hartu dute, Txingudiko Zerbitzuen gerenteak gidatuta, hau da, toki-erakundeko sail guztiek, bertako arduradun nagusiek eta arlo-eskumenetan erantzukizun handiena duten teknikariek.

Txingudiko Zerbitzuak bat datoz Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GJH). Izan ere, erakundeak 17 GJHetatik 13tan lagundu dezakeela pentsatu da. Horien artean, ordena honetan, honako hauek nabarmentzen dira: 6 GJH: Ur garbia eta saneamendua; 7, Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea; 12, Ekoizpena eta kontsumo arduratsua; 8, Lan duina eta hazkunde ekonomikoa; eta 11, Hiri eta komunitate jasangarriak.

Metodologiari dagokionez, alderdirik garrantzitsuenetako bat Txingudiko Zerbitzuek hautatutako 13 GJH bakoitzean izan dezaketen eragin-maila maximoa kuantifikatzea izan da. Ondoren, aginte-taula bat osatu da, eta, bertan, 38 helmuga, 137 ekintza eta 18 eragileek ezarritako 97 adierazle txertatu dira. Informazio horren ondorioz, Txingudiko Zerbitzuek 2030 Agendari egindako ekarpena kuantifikatu da.

Bidean, 13 GJHak modu independentean aztertu dira. Horietako bakoitzean honako hauek ikus daitezke: jarduera-eremua, helmugen, ekintzen eta adierazleen kopurua, helmugen eta horien jarduera-arloaren xehetasuna, ekintzen eta adierazleen garapen-maila, adierazle bakoitzaren bilakaera, eta, azkenik, GJHari egindako ekarpena eta hurrengo urteetan izango duen bilakaera.