Urtero irailaren 16tik 22ra antolatzen den Europako Mugikortasunaren Asteari lotutako ekintza gutxi antolatuko dira aurten, Covid-19 pandemiaren eraginez. Hala eta guztiz ere, bigarren eskuko bizikleten bost merkatu antolatuko ditu Artelatzek beste horrenbeste hirietan.

Lehena, Errenterian izango da ostiral arratsaldean (irailaren 18an), Gamon zumardian. Larunbat goizean (irailaren 19an) Eibarko Untzaga plazan eta Barakaldon izango gara (Anaien parkean); igandean egun osoz (irailaren 20an) Irungo Zabaltza plazan, eta azkenik, irailaren 25ean  Lasarte-Oriako Okendo plazan.

Ahalegin handia egin dugu merkatuen funtzionamendu-protokoloak osasun-prebentzioaren egoera berrira egokitzen, baina horri esker, parte hartuko duten herritar guztiak lasaitasunez hurbilduko dira.

Bizikleten erabilera asko zabaldu da azken hilabeteetan, kirol-jarduerarako ez ezik, eguneroko leku-aldaketak egiteko. Bizikleten sal-erosketek %400 egin omen dute gora gure ingurunean. Testuinguru horretan, herritarren aldetik jasotzen ari garen erantzuna ikusita, merkatuek oso harrera ona izango dutelakoan gaude.

Eskertzekoa da Errenteriako, Eibarko, Barakaldoko eta Lasarte-Oriako udalen eta Txingudiko Zerbitzuak erakundearen ahalegina ekintza horien sustapenean.