Ingurumen kanpaina berria Errenterian, altzariak eta bolumen handiko hondakinen bilketa egokia sustatzeko

Ingurumen kanpaina berria Errenterian, altzariak eta bolumen handiko hondakinen bilketa egokia sustatzeko

Errenteriako Udalak hondakinen inguruko sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina berri bat jarri du abian, Artelatzen laguntzarekin, herritar guztiek, bolumen handiko hondakinen gaikako bilketa modu egokian egin dezaten. Bilketa-sistema horretan parte hartzeko, telefono zenbaki batera deituz hondakinak etxe ataritik jasotzeko hitzordua finkatu behar dute lehenik. Kontua da, oraindik herritarren zati batek nahi duenean eta nahi duen lekuan uzten dituela hainbat hondakin. Jokaera desegoki horrek kalte ugari eragiten ditu bai herritarrentzat bai udal-kudeatzaileentzat: zikinkeria kalean, irisgarritasun-arazoak, mina hartzeko arriskua, bilketaren kostu gehigarria…

Udalak, eginak ditu aurrez ere hainbat informazio-kanpaina eta ikusirik, gutxiengo baten axolagabekeria herritar guztiok jasaten dutela, isunak jartzearen bidea ere aktibatu du.

Sentsibilizazio kanpainari dagokionean, bandoa eta informazio kartela jarri dira atari guztietan, oihal inprimatua daramaten hesiak jartzen ari da  hondakinen bilketa-puntuetan eta arreta deitzeko eranskailuak jartzen dituzte modu desegokian ateratako hondakinetan.

Eragin positiboa izan du herritarrengan, hitzordua finkatzeko dei kopurua nabarmenki handitu baita eta gaizki utzitako hondakin-kopurua, aldiz, gutxitu egin da.

Hala eta guztiz ere, azpimarratu beharra dago, Errenterian, hondakinen gaikako bilketaren datuak bikainak eta zoriontzeko modukoak direla (% 62,8), herritar gehienen eguneroko ahaleginari esker.

Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) gaineko ihes-jokoa Txingudin

Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) gaineko ihes-jokoa Txingudin

Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SL enpresak zuzendu du baliabide pedagogiko berri hau, Mad More Us enpresaren laguntzarekin. Proiektu hori Txingudiko Zerbitzuen lidergoari eta Ihobe, Ecoembes eta Ecovidrio enpresen babesari esker argitaratu da. Hall ihes-jokoa da, Room ihesbideetatik edaten duen formatua, baina askoz egokiagoa talde ugarirekin lan egiteko. Hain zuzen ere, aldi berean 30 lagunekin lan egin daiteke, aretoak 7 box baititu.

Ihesbidea derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleentzat diseinatua dago, eta 16 urtetik gorako herritarrentzat da egokia.

Parte-hartzaileak 3-5 pertsonako taldeetan banatzen dira, eta helburua X doktoreak aurkezpen-bideoan planteatzen dien erronka gainditzea da. Zientzialari talde batek Marrazo Zuria izeneko dokumentu batean bildu ditu herritarren eskura dauden hainbat asmakizun, mundu mailako ingurumen krisiak planteatzen dituen erronka handiei behin betiko aurre egiteko. X doktoreak azaltzen dituen arrazoiengatik, txostena ezkutatuta dago. Talde bakoitzak taldean lan egin behar du Marrazo Zuriaren gakoa aurkitzeko, boxean eta erantsitako panel batean aurkitzen duten informazioarekin, erronkekin eta gadgetekin soilik.

Boxaren inguruan sortzen den dinamika kontsumo arduratsuan, uraren kudeaketan eta hiri-hondakinen kudeaketan oinarritzen da batez ere; izan ere, Txingudiko Zerbitzuen auzolandegiak dira, jokoa garatzen den bitartean GIHak oso presente dauden arren.

Saioak ordu eta erdi irauten du gutxi gorabehera. Azken ordu erdia eztabaidarako eta hausnarketarako denbora da. Denbora-tarte hori ingurumen-hezitzaile batek zuzentzen du, gamifikazio digitalean oinarrituta, denbora ia konturatu gabe igarotzea eragingo duena.

Sar zaitez birziklatzearen gurpilean

Sar zaitez birziklatzearen gurpilean

Artelatz Ingurumen Zerbitzuak, Bilboko Udalarentzat, Ecoembes eta Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko erakundeen eskutik, ‘Birziklatu! Sar zaitez birziklatzearen gurpilean’ kanpaina abiarazi du. Beste urrats bat birziklatzearekin duen konpromisoan, herritarrok sortzen ditugun hondakinak behar bezala bereizteko premian inplikatzeko helburu argiarekin.

Helburu horrekin, azaroaren 22a bitartean, bi ingurumen-hezitzailek gidatutako moto-gurdi batek hondakinen gaikako bilketarekin zerikusia duten gaiei buruzko informazioa emango dute bertatik bertara, batez ere edukiontzi horiari, urdinari eta berdeari  buruzkoa.

Argi eta garbi identifikatzeko moduko informazio-puntua da, eta Bilboko auzoak zeharkatuko ditu. Informazioa eskatzera edo birziklatzearekin zerikusia duen zalantzaren bat galdetzera hurbiltzen diren guztiek parte hartu ahal izango dute hondakinak bereizteko poltsen sorta batzuen zozketan. Irabazteko aukera izateko, asmatu beharko da zein edukiontzitan bota behar den hezitzaileek gurdian daramaten erruleta batean zoriz egokitzen zaion hondakina. Egunean 10 sorta zozketatzen dira eta bakoitzak hiru poltsa ditu: horia, berdea eta urdina.

Gainera, hala nahi duten familiek moto-gurdira bertara daitezke edukiontzi marroiaren bidez materia organikoaren bilketan izena ematera. Horretarako, datuak eman behar dituzte eta kit-a (kuboa, txartela, giltza eta poltsak) jaso, etxean sortzen duten materia organikoa biltzen hasteko.

Ikastaldeak natura-parkeetan

Ikastaldeak natura-parkeetan

Ikaragarria da ikastetxeetan egunero-egunero egiten ari diren lana ikasturtea ahalik eta modurik normalenean garatzeko. Bihotzez eskertzekoa da irakasleriaren esfortzua, baldintzarik zailenetan ere, erakusten ari diren kemenagatik eta adoreagatik.

Bizi dugun egoera berezi honetan, inoiz baino gehiago, natur ingurunearekin harremana izateak garrantzi berezia dauka eta ingurumen-hezkuntzaren beharra agerian gelditzen da.

Ahal duten neurrian, ikastaldeak ari dira natura-parkeetara hurbiltzen eta ikustekoa da ikasleak nola ari diren gozatzen. Gipuzkoako parketxeetatik, natura-parkeetara hurbiltzeko gonbita luzatzen dugu eta oraingoz ezinezkoa dutenentzat, parketxeetako ingurumen-hezitzaile adituak ikastetxera bertara joateko prest daudela jakin arazten dugu.

Abian da “Hondakinak kitto!” Kanpaina Sasieta mankomunitateko ikastetxeetan

Abian da “Hondakinak kitto!” Kanpaina Sasieta mankomunitateko ikastetxeetan

Sasieta Mankomunitateko (Gipuzkoako Goierri eta Urola Garaia eskualdeak) Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 22 ikastetxe izango dira ingurumen-hezkuntza kanpaina honen hartzaileak, guztira 1.560 ikasle inguruk parte hartuz. Bederatzigarren urtez jarraian garatuko da eta urritik abendura, hondakinen arazoa eta birziklapenaren inguruko gaiak landuko dituzte ikastetxean Artelatzeko ingurumen-hezitzaile adituen eskutik.

Jorratzen diren ardatzak Hondakinen Murrizketa, Berrerabilpena eta Birziklapena izaten dira batez ere. LH-n bi saio burutuko dira ikastalde bakoitzarekin, bata gelan eta bigarrena patioan. DBH-n aldiz, saio bakarra.

COVID-19 gaitzaren aurrean, parte-hartzaile guztien osasunaren prebentzioa zaintzeko hainbat moldaketa egin dira ekintzetan eta lan-dinamikan; hala ere, kanpainak ohiko funtsa eta erakargarritasuna mantentzen ditu. Biziki eskertzekoa da Sasieta mankomunitateak ingurumen-hezkuntzaren alde bere konpromisoa mantendu izana, bizi dugun egoera zail honetan, eta nola ez, ikastetxeetan izandako harrera bikaina. Kanpainak Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen babesa dauka.

Naturaz gozatu nahi al duzu, urrutira joan gabe?

Naturaz gozatu nahi al duzu, urrutira joan gabe?

Naturarekin harreman estua izateak bizimodu osasuntsua lortzeko lagungarria baino, nahitaezkoa dela konturatzen ari da gero eta jende gehiago. Gipuzkoako Parketxe Sareko parketxeetan ateak zabalik dituzte, bisitariak hartzeko eta plan bikainak eskaintzeko. Astero-astero, etxe ondoan ditugun paisaia kultural zoragarriak ezagutzeko eta ulertzeko jarduera bereziak programatzen dituzte   Gipuzkoanatura.eus webgunean dago informazio guztia.

Asteburu honetan, besteak beste, Arantzazu parketxean, bi zapelatz askatuko dituzte larunbatean, Arrano etxean sendatuak izan direnak. Igandean aldiz, familia-taldeei zuzendutako Arantzazuko altxorren bila jolasa egingo da.

Zegamako Anduetza parketxean “Iparra galdu gabe” orientazio jolasa egingo dute larunbatean, eta igandean, San Adrian igarobidearen sekretuak eta azken aurkikuntzak ezagutzera joango dira, Aldaolako aparkalekutik abiatuta.

Arditurriko parketxetik Muniskuegañeko multzo megalitikora egingo dute txangoa larunbatean, Urnieta-Hernani artean dagoen altxorra ezagutzera; igandean, Mineralen bila ibiliko dira familia giroan Arditurri parketxetik abiatuz.

Ataunen, Joxemiel Barandiaranen oinatzetan ibilaldi gidatuan, ikerlari ataundarranen bizitzaren eta lanaren hainbat pasarte emango dira ezagutzera igandean, haren txoko eta inguru kuttunenak bisitatuz.

Aiako Iturraran parketxean ere beste hainbat jarduera interesgarri dituzu (Agorregiko burdinola, Galdutako erlearen bila…).