Azaroko azken igandean eta abenduko lehenengoan, Zegamako Anduetza Parketxean eta Oñatiko Arantzazu Parketxean Marimundukoren ipuin harrigarriak ezagutzeko aukera izan zen. Orain arte urtero ibili izan da pertsonai maitatua Ataungo Barandiaran museoan eta Zegaman kondaira zirraragarriak kontatzen baina aurten estreinekoz izan da Arantzazun.

Pertsonaia mitologikoen laguntzaz, sorginen amak Euskal Herriko hainbat ipuin eta kondaira kontatu zizkien bertaratutako guztiei eta 4 emanaldiak lepo bete ziren, saio oso arrakastatsuak izanik. Parte-hartzaile guztiek asko gozatu zuten euskal kondairak entzuten eta bertatik bertara ikusten.

Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar. Ataunen Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin eta Jentilbaratza elkarteak lan horri eutsi nahi izan dio emanaldi bikain hauek Aizkorri-Aratzeko parketxeetan eskainiz.

Marimundukok esan bezala, jarrai dezagun gure haurrei euskal mitologiako kondairak kontatzen eta hala bazan eta ez bazan… sar dadila kalabazan eta atera dadila …