Zegamako Udalak, “Leizarrate, antzezpen musikatua” antolatu du, urriaren 27an, igandearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuaren laguntzaz. Urrup Antzerki Taldeak burutuko duen antzezpen honen bitartez, Aizkorriko bidean, Leizarrate harkaiztia zeharkatzeko ezinbestekoa den San Adrian tunelaren historia ezagutzera emango da (UNESCO-k Gizateriaren Ondare izendatu zuen gune hau).

Biztanle ugari izan ditu historian zehar tunel berezi honek. Batzuk, bere barnean bizi izan dira, beste batzuk bertatik igaro izan dira errege bidetik oinez… Pertsonaia guzti hauen bizipenak antzeztuko dira San Adrian tunelean, bertatik bertara eta kobak eskaintzen duen giro misteriotsuan iraganera salto egingo delarik.

Emanaldi bakarra izango da aforo mugatuarekin. Doakoa bada ere, nahitaezkoa da aurre erreserba egitea Anduetza Parketxearekin harremanetan jarriz (943 80 21 87, anduetza@gipuzkoamendizmendi.net). Hitzordua goizeko 11:00tan izango da Aldaola aparkalekuan, Otzaurtetik 4km-ra. Ondoren, San Adrian tunelera gida batekin oinez joango dira bisitariak antzezpena 12:00tan izango delarik.