Api 24, 2026 | Orokorrak
Artelatzek hogei urte baino gehiago daramatza bigarren eskuko merkatuak antolatzen. Denbora horretan, 300 baino gehiago ospatu dira. Ekitaldi hauen helburu nagusia ospatzen diren udalerrietan berrerabilpena eta ekonomia zirkularra sustatzea da.
Merkatuen helburu eta egitura nagusia antzekoa izan arren, objektuak erakustea eta saltzea baino gehiago da. Antolatzen diren bigarren eskuko merkatu batzuk gordailuan saltzeko espazio txiki bat izaten dute, eta parte-hartzaileen gehiengoa partikulak, elkarteak edo ikastetxeak izaten dira. Badira beste merkatu batzuk ere, gehienbat bizikleten merkatuak, gordailuan bakarrik saltzen direnak. Truke-merkatuak modan daude, eta Artelatzek ere horrelako ekitaldiak antolatzen ditu, non ezin den dirurik erabili.
Merkatu horien guztien antolaketan, Artelatz bezero bakoitzaren egoerara egokitzen da. Batzuetan, bezeroa arduratzen da karpak, hesiak eta abar muntatzeaz. Beste kasu batzuetan, Artelatz arduratzen da alderdi guztiez. Nolanahi ere, komunikazioa funtsezkoa da, eta posta, prentsako albisteak, sare sozialak edo webguneak erabiltzen dira publizitatea egiteko.
2026an 14 merkatu berri ditugu antolatuta Euskadiko hainbat udalerritan: Irun, Hondarribia, Barakaldo, Eibar, Santurtzi, Errenteria eta Lasarte-Orian, besteak beste. Helburua argia da: jada nahi ez ditugun objektuen bizitza luzatzearen garrantzia zabaltzea.
Api 24, 2026 | Orokorrak
Anduetza Parketxeak ekintza berri bat txertatu du bere eskaintzen artean: “Natura Eskapu” jolasa. Mundu digitala eta errealitatea uztartuz, Bartolome fraideak ezkutatutako altxorra topatzea da helburua.
Azken urteetan oso modan jarri dira “Escape room” direlako talde jokoak, eta horiek inspiraziotzat hartuta, ekintza hibrido batez gozatu daiteke Anduetza Parketxean. Nagusiki familiei eta lagun taldeei zuzendua dagoen arren, edozeinek parte hartu dezake.
Jolasak gidatu egiten gaitu enigma batetik bestera mugikorra erabilita, eta horiek jarraituta, Anduetzako arboretum-ean hainbat pista bilatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Zegamako Bartolome fraideak mundu osoko hainbat baso bisitatu ditu bere bizitzan zehar eta, bidean, balio handiko altxor sekretu bat bildu. Zegamara ekarri du, baina norbait atzetik dabilkiola konturatu da, eta beldur da altxorra lapurtu nahi ote dion.
Jokoak basoa, zuhaitzak eta natura lantzen ditu modu entretenigarri eta didaktikoan. Animatu Zegamako Altxorra bilatzera!
Informazio gehiago: https://www.gipuzkoanatura.eus/eu/-/-natura-eskapu-jolas-berria-bikoiztu-1-1
Api 24, 2026 | Orokorrak
Bidasoa Beheko eskualdean hiru urtez auzoz auzo ibili ondoren, Txingudiko Zerbitzuek antolatutako BidaSOS2030 kanpaina ekainaren 15ean amaituko da. Hondarribiko Puntalea eta Zimisarga auzoak izango dira bisitatzen azkenak.
BidaSOS2030en helburu nagusia eskualdeko birziklatze-tasa handitzen jarraitzea izan da, 2025erako %60ra eta 2030erako %70era iristeko. Horretarako, kanpaina materia organikoaren edukiontzian zentratu da, honen erabileran parte-hartzaile gehiago eskuratzeko.
Herritarrak animatzeko, Txingudiko Zerbitzuen tarifa murriztua 130 € baino gutxiagokoa da urtean. Pizgarri horri kanpainako ingurumen-hezkuntzako taldearen lana gehitu zaio, bi frontetan: herritarrei arreta emateko bulego mugikor bat instalatu da eta atez ateko bisitak egin dira.
Ekintza horiek guztiek, batez beste, % 20ko igoera lortu dute edukiontzi marroieko altetan, eta, ondorioz, % 70era iristea lortu da. Batez besteko hori gainditu da zenbait auzotan, hala nola Anakan, kanpaina itxi berri baita %76 batekin.
Horregatik guztiagatik, orain arte BidaSOS2030 kanpainaren balorazio oso positiboa egin da, emaitza bikainak ematen dituen eredua dela erakutsi baitu. Ingurumen-hezkuntza tresna indartsua da, eta are gehiago neurri ekonomikoekin eta digitalizazio zuzenarekin batera badator.
Ots 27, 2025 | Orokorrak
Otsailetik apirilera bitartean Bilboko eta Gasteizko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan lanean ari dira Artelatz-eko ingurumen hezitzaileak hiri-hondakinen gaikako bilketa eta birziklapena lantzen. Bilbon 9. edizioa da aurtengoa, 108 saio daude programatuta eta 2.160 ikasle inguruk hartuko dute parte. Gasteizen, 92 ikastalde eta 1.800 ikasle inguru izango ditugu. Bilboko eta Gasteizko Udalak, Ecoembes eta Ecovidrio erakundeak (bakoitza bere programa sustatuz) dira programa arrakastatsu hauen babesleak. Ikasgelan bertan egiten diren saioetan, baliabide digital berritzaileak erabiltzen dira, metodologia parte-hartzailean oinarrituz.
Halaber, ikasturte honetan Gipuzkoako hainbat eskualdeetan ere antzerako programak burutu ditugu, balorazio bikainak lortuz: Sasieta Mankomunitatea, San Marko Mankomunitatea, Tolosaldeko Mankomunitatea…
Eskertuak gaude ikastetxe parte-hartzaileen inplikazioagatik eta erakunde sustatzaileen konfiantzagatik
Ots 27, 2025 | Orokorrak
Pasaiako Udalak informazio eta sentsibilizazio kanpaina sendoa jarri du abian Artelatz Ingurumen Zerbitzuak enpresaren eskutik, hiri-hondakinen kalitateko gaikako bilketa eta birziklapena sustatzeko. Izan ere, gaur gaurkoz birziklapen-tasa % 48koa besterik ez da. Udalak, hiri-hondakinen ordenantza berritu du eta hobekuntza garrantzitsuak ari da egiten (hiri-garbiguneak zabaltzea, baliabideen banaketa etxez etxe, txartel elektroniko berriak…). Horretaz guztiaz informazioa emateko eta herritarren parte-hartzea handitzeko, askotariko ekintzak ari dira burutzen kanpainaren barruan: bisitak etxebizitza eta komertzio guztietara baliabideak eta Birziklapen gida banatuz, informazio puntu iraunkorrak eta ibiltariak, komunikazio-plan berezia… Urtarrilaren azken astean jarri zen abian eta martxoaren amaiera bitartean luzatuko da. Herritarrek harrera ona egin diote ekimenari; ea hurrengo hilabeteetan hobekuntza islatzen den bilketa-datuetan.
Informazio gehiago: www.pasaia.eus/hondakinak
Ots 27, 2025 | Orokorrak
Lizarrustiko parketxeak Aralarko kultur paisaien edertasunari eta aberastasunari buruzko ikuspegi zabala ematen duen erakusketa berritu batekin ireki zituen ateak pasa den otsailaren 6an. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka berdeko departamentua (Mendietako eta natura Ondareko zuzendaritza) da erakunde sustatzailea eta babeslea. Hiru areto berritu dira. Sarrerakoan, bisitariei arreta zuzena ematen zaien lekua izanik, Aralarko natura-parkearen aurkezpena eta ibilbideen informazioa jarri da. Areto nagusian, askotariko gaiak lantzen dira (basogintza, biodibertsitatea, geologia, artzantza, megalitoak…) informazio-panelen bitartez. Natura-parkearen maketa handia mantendu egin da. Azkenik, askotariko erabilerarako aretoan mitologia da gai nagusia. Bisitariari begiak zabaltzea eta jakinmina piztea da xede nagusia; euskarri berrietan oinarrizko eduki batzuk ikusgai izango dira eta informazio osagarria nahi duenak QR kodeen bitartez eskuratu ahal izango du.
Artelatz Ingurumen Zerbitzuak enpresak gauzatu du lana.
Bestalde, parketxean dagoen aterpetxe eta jatetxearen lizitazioa otsailaren 20an argitaratu zen eta proposamenak aurkezteko, 15 egun naturaleko epea izango da.
www.gipuzkoanatura.eus