Zenbateko ekarpena egiten die Txingudiko Zerbitzuek Garapen Iraunkorreko Helburuei?

Zenbateko ekarpena egiten die Txingudiko Zerbitzuek Garapen Iraunkorreko Helburuei?

2030 Agenda ekintza unibertsaleko plan bat da, eta giza garapena sustatzera bideratuta dago, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunetik abiatuta. Plan honen arrakasta, neurri handi batean, norbanakoek eta toki-erakundeek beren eskumenak garatzean lortzen duten iraunkortasunaren aldeko konpromisoaren mende dago. “Globalki pentsatu, tokian-tokian jardun” esaldiak esanahi osoa hartzen du 2030 Agendan.

Artelatz SL bere 2030 Agenda prestatzen ari da Txingudiko Zerbitzuetarako, Garapen Jasangarriko 17 Helburuak zenbateraino laguntzen ari den kuantifikatu ahal izateko, eta horren arabera jarduteko helburu horietara ahalik eta gehien hurbiltzeko. Prozesu hori 2021eko azaroan hasi zen, eta 2022ko ekainean amaitzea espero da. Bost etapatan egin beharreko bidea da. Lehenengo etapa honetan eskualdeko 18 eragilerekin lan egin da. Alde batetik, ondorioztatu da Txingudiko Zerbitzuek Garapen Jasangarriko 17 Helburuetatik 15i lagundu diezaiekeela, maila desberdinetan, bere eskumenen esparruan. Eta, bestetik, Txingudiko Zerbitzuek 15 GJH horietako bakoitzari eman diezaioketen ekarpenik handiena kuantifikatu da, adibidez, 10etik 7 gehienez 6. GJHren kasuan: ur garbia eta saneamendua, 6. taulan ikusten den bezala.

Hurrengo faseetan zehaztuko dira Txingudiko Zerbitzuen lan guztiak 2030 Agendaren GJHetan ezarritako helburuak betetzera bideratuko diren xedeak, ekintzak eta adierazleak.

Basoaren kultura lantzen

Basoaren kultura lantzen

Urtero legez, abian da ZUR ETA LUR programa Zegaman. Anduetza parketxearen eta Zegamako Udalaren elkarlanari esker, askotariko jarduera interesgarriak antolatuko dira, Basoaren kultura ardatz modura hartuz.

Urriaren 24ean Baso-bainua saio arrakastatsua egin zen Amaia Agoteren eskutik. Bost zentzumenak landuz, basoaz eta natur inguruneaz gozatzea izan zen helburua, lasaigarria eta osasungarria den beste modu bateko harremana sustatuz.

Igande honetan, azaroaren 14an, ibilaldi gidatua egingo da Alvaro Aragon Ruano adituaren eskutik, “Pago motzak baso-kulturaren ondare biziak” gaian sakontzeko. 10:30ean izango da irteera Aldaola aparkalekutik; nahitazekoa da aurrez izena ematea (943 802 187 / 688 623 609).

Azkenik, azaroaren 30ean Luis Mari Zaldua Etxaberen hitzaldia izango dugu Anduetza parketxean, Euskalduntze berandiarraren teoria: egia ala gezurra? gaiaren inguruan.

Adiorik ez!

Adiorik ez!

Duela 30 urte ingurumenarekiko maitasunak eta errespetuak bost pertsona elkartzea lortu zuen. Gure pasioa ogibide bihurtu nahian 1991 urtean Artelatz sortu genuen. Ilusio eta indar handiz hasi genuen proiektu hura etengabe handitzen joan da, lantaldea, lan-lerroak, bezeroak… Bidea luzea izan da, topatu ditugun oztopoak eta erronkak talde-lanean gainditu ditugu, guztion esfortzu eta ahaleginarekin.

Duela urte bete bularreko minbizia diagnostikatu zidaten eta oraindik neure burua zaindu beharrean aurkitzen naizenez, lana uztea erabaki dut. Gogoeta sakona eta erabaki zaila izan da, gazi-gozoa, batez ere nire lana eta inguratzen duen guztia biziki maite ditudalako.

Eskerrak eman nahi dizkizuet Artelatz nolabait hazten lagundu duzuen orori, lantaldeko kide bakoitzari, hornitzaile eta nola ez zuei bezeroei, 30 urte hauetan hainbeste gogobetetasun eman dizkigun proiektu honen parte izateagatik.

Artelatzen lantalde sendoa uzten dut, indartsua, ondo prestatua, ilusioz betetakoa, profesionala eta batez ere bezeroarekiko konprometitua. Zihur nago, aurrerantzean ere,  jasangarritasunaren bidean proiektu haundiak eraikitzen jarraituko duela.

ESKERRIK ASKO BIHOTZ-BIHOTZEZ GUZTIOI

Elisabet Castillo Juaristi

Tolosako Udalak “Birzikla dezagun, gehiago eta hobeto” kanpaina abiarazi du

Tolosako Udalak “Birzikla dezagun, gehiago eta hobeto” kanpaina abiarazi du

Tolosako birziklatze-tasa oso ona da, zehazki,% 68,54koa, Europan indarrean dagoen araudiak eskatzen duena baino askoz handiagoa, 2030erako eskatutako% 70eko helburuaren atarian. Hala eta guztiz ere, Udalak uste du hobetzeko marjina dagoela, eta horregatik ekin dio kanpaina honi, zati birziklagarri guztietan desegokiak direnak ahalik eta gehien murrizteko eta, horrela, birziklatze-tasa handitzen laguntzeko.

Aldi berean, tamaina handiko hondakinak eta kartoi komertziala biltzeko zerbitzua eraginkorragoa izatea nahi du. Bere ustez, ez dago nahiko informaziorik bi zerbitzuei buruz, eta, beraz, erronka da herritarrek oro har eta kartoia sortzen duten saltokiek hobeto ezagutzea zerbitzu horien ezaugarriak.

Artelatz Tolosan egiten ari den kanpaina, funtsean, honako hau da: informazio-euskarri bat postontzietan banatzea, herritarrekin zuzeneko harremana izatea kaleko ingurumen-hezitzaileen presentziarekin eta merkataritza-kartoia sortzen duten saltoki guztietara bisita pertsonalizatuak egitea.

Kanpaina honek hiru alderdi berezi ditu:
—Bada 250 euroko balioa duen Km0 produktu-saski baten zozketa, liburuxkako informazioan “ezkutatutako” galdera bati zuzen erantzuten diotenen artean. Parte-hartzea oso handia izaten ari da.

—Bide publikoan informazio-euskarri gisa erabiltzen den display bat egotea, herritarrek zozketan parte hartzeko kupoia utz dezaketen postontzi bat duena. Parte-hartze hori WhatsAppen bidez ere egin daiteke.

—Behar bezala botatzen ez diren tamaina handiko hondakinetan, gorri koloreko itsasgarriak jartzea, langileei adieraziz ez dituztela jaso behar egun gutxi barru, herritarrengan sentsibilizatzeko eginkizuna bete dezaten.

Eskerrik asko bihotzez!

Eskerrik asko bihotzez!

Astindu ederrak eman dizkigu amaitzera doan urteak, baina, zorionez, sustraiak lurrari ondo lotuak ditugu eta zutik jarraitzen du artelatz sendoak. Beste behin ere, gure ondare baliotsuena den lantaldeak mantendu duen jarrerari eta kemenari esker izan da. Hala ere, horrekin bakarrik ez litzateke nahikoa izango aurrera egiteko; unerik zailenetan guregan eta gure lanean konfiantza mantendu duten bezero-lagun guztiengatik ez balitz, gureak egin zuen!

2021ean gogotik lan egiten jarraituko dugu eta indartsu aurkituko gaituzu; urte berrirako, guztion ahotan dauden asmo eta desiorik onenekin bat egiten dugu, baina begiak itxi eta desio bakar bat aukeratu beharko bagenu, izaki berekoiak garela onartuta, gure bidelagun izaten jarraitzea nahi genuke.

Olentzero Zegamako Anduetza parketxean!

Olentzero Zegamako Anduetza parketxean!

Olentzerok ez dio hutsik egin Anduetza parketxearekin daukan hitzorduari. Jasotako eskaera-zaparradari erantzuna emate aldera,  abenduko bederatzi egunetan gurekin egotea lortu dugu. Hori bai, aurtengoa berezia izaten ari da: musukoa kendu gabe dabil eta baita hurbiltzen diren bisitari guztiak ere; talde txikiagoetan antolatu dira saioak eta Olentzeroren kontakizunaren osteko talo tailerra egiteko, unitate familiarrak errespetatzen ari dira, bakoitzari mahai bat emanaz eta horrela, segurtasun-distantziak mantenduz.

Hala eta guztiz ere, ekitaldiak ez du bere magia galtzen eta pozez txoratzen hartzen dute parte haurrek. Eskerrik asko hurbildu zareten guztioi!

http://www.gitb.eus/azken-berriak/14019-aurten-ere-olentzero-anduetza-parketxean-izan-da-haurren-eskutitzak-jasotzen?category_id=77