Sasieta Mankomunitateko (Gipuzkoako Goierri eta Urola Garaia eskualdeak) Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 22 ikastetxe izango dira ingurumen-hezkuntza kanpaina honen hartzaileak, guztira 1.560 ikasle inguruk parte hartuz. Bederatzigarren urtez jarraian garatuko da eta urritik abendura, hondakinen arazoa eta birziklapenaren inguruko gaiak landuko dituzte ikastetxean Artelatzeko ingurumen-hezitzaile adituen eskutik.

Jorratzen diren ardatzak Hondakinen Murrizketa, Berrerabilpena eta Birziklapena izaten dira batez ere. LH-n bi saio burutuko dira ikastalde bakoitzarekin, bata gelan eta bigarrena patioan. DBH-n aldiz, saio bakarra.

COVID-19 gaitzaren aurrean, parte-hartzaile guztien osasunaren prebentzioa zaintzeko hainbat moldaketa egin dira ekintzetan eta lan-dinamikan; hala ere, kanpainak ohiko funtsa eta erakargarritasuna mantentzen ditu. Biziki eskertzekoa da Sasieta mankomunitateak ingurumen-hezkuntzaren alde bere konpromisoa mantendu izana, bizi dugun egoera zail honetan, eta nola ez, ikastetxeetan izandako harrera bikaina. Kanpainak Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen babesa dauka.