EMAS ziurtagiria

EMAS ziurtagiria

Atseginez jakinarazten dizuegu, gure ingurumen konpromisoan, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SL (EMAS) Europako Erkidegoko ingurumen kudeaketa eta auditoria sistemaren erregistroan inskribatuta dagoela, bere egoitzatik egiten duen jarduerarako.

“Euskara eta natura” txango gidatua Oieleku inguruan (Oiartzunen)

“Euskara eta natura” txango gidatua Oieleku inguruan (Oiartzunen)

Hizkuntzaren eta izadiaren arteko lotura hertsia mintzagaitzat (aitzakiatzat) hartuta, Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak txangoa antolatu du Oiartzunen, zehazkiro Oieleku inguruan, martxoaren 26an, larunbatarekin. Nornahik egiteko modukoa da eta Luis Mari Zaldua Etxabe euskalariak gidatuko du.

Paisaiaren xehetasunak, lekuen deizioak, landareen izenak, urtaroei buruzko esaerak, koloreen ñabardurak, ahozko tradizioa, gizakiaren urratsa…, horiek izango dira, besteak beste, bidean zehar erabiliko diren auzi edo gaiak.

Ingurumenarekiko errespetua ez ezen, natura ezagutzearen Hizkuntzak ikuspegia irudikatzen du eta paisaiak mintzaira eratzen. Izadiaren eta euskararen arteko lotura estua da, gurean, gizakiaren eta naturaren arteko elkarrekikotasuna ez delako atzo goizekoa, aspaldikoa baizik.

Euskararen eta naturaren arteko harremanaren lekuko dira, adibidez, tokien izenak nahiz klimak eta urtaroen urtetik urterako gorabeherek izaki bizidunetan duten eragina biltzen duten errefrauak. Bestalde, azken urteotan «hizkuntza ekologia» izenarekin ezagutzen den azterbideak gero eta indar gehiago du.

«erabilgarritasuna» azpimarratu nahi da, egunerokotasunean batik bat, horretarako nekazariek eta abeltzainek aipatu jakintza hori nola erabili duten ikusiz. Lurrari kasu egiten ikasten hasteko, ibilbidean zehar, izaki bizidunak eta kultur paisaiak ikusi ahala, gidariak azalpenak emango ditu, galde-erantzunak erabiliz.

Abiapuntua eta helmuga Artikutza bidean dagoen Kausoko aparkalekutxoa izango da eta geldiune nagusietariko bat Oieleku, paisaia zirraragarriz inguraturiko paga-motz apartak eta mairu-baratze zoragarriak dauden txoko benetan berezia. Txangoak hiru bat ordu iraungo ditu eta bere prezioa 5 €koa izango da. Joan nahi duenarentzat, hitzordua goizeko 10etan da. Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.

Informazio gehiago eskuratzeko: arditurri@gipuzkoanatura.eus /

www. gipuzkoanatura.eus / 943 495069.

San Marko Mankomunitateak, Ecoembesek eta Ecovidriok “Birziklatu! Birziklapenerako totemak” ingurumen-sentsibilizazio kanpaina indartu dute, informazio-puntuekin

San Marko Mankomunitateak, Ecoembesek eta Ecovidriok “Birziklatu! Birziklapenerako totemak” ingurumen-sentsibilizazio kanpaina indartu dute, informazio-puntuekin

Artelatzen eskutik, 2021eko abenduan hasi zen “Birziklapenaren totemak” kanpaina. Kanpaina horren helburua da Mankomunitateko 10 udalerrietako biztanleak kontzientziatzea 2021eko abenduaren 1etik 2022ko apirilaren 12ra. Kanpaina hori, mankomunitatearen eremuko hainbat espazio publikotan kokatzen ari diren informazio-totemetan oinarritzen zen, eta indartu egiten da bi ingurumen-hezitzailek artatutako informazio-guneekin. Martxoaren 7an, astelehenarekin, Errenterian hasi zen indartze-kanpaina, eta martxoan eta apirilean zehar luzatuko da, San Marko Mankomunitatea osatzen duten udalerriak 40 egunez estali arte. Informazio-puntuan, gerturatzen diren herritarrek zalantzak argitu ahal izango dituzte etxean sortzen dituzten hondakinak behar bezala bereizteko moduari buruz, baita bertako produktuekin osatutako saski baten zozketan parte hartu ere. Kanpainaren helburua kalean bertan gehiago eta hobeto biltzeko indartzea eta animatzea da, plastikozko, metalezko eta brik motako ontziak eta beirazko, paperezko eta kartoizko ontziak behar bezala bereizteko behar den informazioa emanez.

Errefortzu kanpaina honek totementzako ezarritako egutegiari jarraituko dio. Aurreko astean Errenterian izan ziren eta aste honetan Pasaian eta Urnietan. Jarraian, mankomunitateko gainerako udalerrietan jarriko dira.

Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak (Naturklima) antolatutako gazte europarren topaketa dinamizatu du Artelatzek

Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak (Naturklima) antolatutako gazte europarren topaketa dinamizatu du Artelatzek

Meneneko (Belgika) eta Tolosako (Gipuzkoa) ikasleek jarduera eta bisita egitarau trinkoa partekatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren aginduz Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak (Naturklima) antolatu dituen Generation Z & Climate Ghange topaketetan.

Topaketa martxoaren 9an hasi zen, aipatutako Saileko zuzendari den Mónica Pedreiraren ongietorriarekin, eta ondoren, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Behatokiaren talde tekniko osoak egindako aurkezpenarekin.

Ondoren, Artelatzek lan-saio gamifikatu bat egin zuen parte-hartzaile guztiekin, zortzi lan-taldetan dinamizatuz. Egoerari egokitutako Trivial Pursuit bat jarraituz, galderak, erronkak eta proposamen zehatzak gainditzea zen helburu Garapen Jasangarriaren Helburuei laguntzeko, baita klima-aldaketa moteltzeko eta, bereziki, kontsumo iraunkorra bultzatzeko. Erronka digitalak eta brain treaserrak izan ziren, ziurrenik, talde-lanari erronkak gainditzen eta beharrezko 9 piezak lortzen gehien lagundu zuten baliabideak.

Dinamika amaitzeko, ikasitakoaren errepasoa egin zen, eta hausnarketarako gune bat ere bai, panel digital batean islatuta geratu zena. Bertan, argi eta garbi ikusi ahal izan zen Europako gazteek Klima Aldaketari buruz duten kezka, baina bakea eta osasuna lehenesten dituzte pertsona guztientzat, gainerako helburu guztien gainetik.

Horra, horra, gure Olentzero!

Horra, horra, gure Olentzero!

Urteroko ohiturari jarraituz, abenduan zehar Zegamako Anduetza parketxean Olentzeroren bisita izan dugu. Talde txikietan eta osasunaren prebentziorako neurriak zorroztasunez betez, ilusioz gainezka hartu dute hurbildutako haurrek eta familia guztiek. Ipuin-kontaketa eta haurren gutunak jaso ondoren, taloak egiteko aukera ere izan dute. Arrakasta handiko saio hauekin, Gipuzkoako parketxeetako egitarau bereziari amaiera eman zaio.

Covid-19aren pandemiaren eraginez, urte zaila eta gorabeheratsua izan bada ere, oso emaitza onak erregistratu dira Gipuzkoako parketxe sarean. Guztira 39.000 bisitari inguru artatu dira Pagoetako Iturraranen, Aiako harriko Arditurrin, Aralarko Barandiaran museoan eta Lizarrustin, Aizkorri-Aratzeko Anduetzan eta Arantzazun. Ikastetxeetako ikastaldeak natura-parkeetara joaten jarraitu dute eta herritar orori zuzendutako ekintza bereziek harrera bikaina izan dute. Halaber, www.gipuzkoanatura.eus webguneak jarraipen zabala izan du,  59.000 bisitari norbanako izan dituelarik eta 88.000 saio.

Datorren urterako zaku bete plan ditugu eta zuekin guztiokin partekatzen jarraitzea da gure nahia. Mila esker guztioi!