Sentsibilizazio-kanpaina bide publikoko zigarrokinen arazoari ikusgarritasuna emateko

Sentsibilizazio-kanpaina bide publikoko zigarrokinen arazoari ikusgarritasuna emateko

Minuturo zortzi milioi zigarrokinek naturan amaitzen dute eta sarritan, euria edo haizea dela eta, itsasoan bukatzen dute. Arazo horri aurre egiteko, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SLk kanpaina bat diseinatu die Txingudiko Zerbitzuei eta Irungo Udalari, modu ludiko eta original batean sentsibilizatzeko erretzaileek zigarrokinak lurrera bota ez ditzaten eta hondakin horrek ingurumenari eragiten dion kalteaz jabetu daitezen.

Ingurumen eta gizalegezko arazo hori agerian uzteko, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SLko hezitzaileek tailer bat egin dute Santiagotarrak Kirol Elkarteko 9 eta 12 urte bitarteko arraunlariekin. 50 kolillera egin ondoren, ingurumen-hezitzaileek eta kirolariek hiriko hainbat tokitan jarri zituzten.

Zigarrokinak biltzeko ontziak instalatzean datza kanpaina. Binaka zintzilikatu dira, eta galdera bat eta bi erantzun posible dituzte inprimatuta. Pertsonek zigarrokina ontzi batean sartzen dute, boto moduan. Horrela, modu ludikoan, zigarrokinak lurrera ez botatzea lortu nahi da, eta, gainera, horrek dakarren hondakin-kantitatea bistaratzea. Ontziez gain, lurrean zeuden zigarrokinen inguruan eranskailuak jarri dira, bide publikoan amaitzen diren zigarrokinen kopurua nabarmentzeko.

Kanpaina azaroaren 27an hasi zen eta 2023ko urtarrilaren 31n amaituko da.

Jardueraz betetako urtea Andoainen

Jardueraz betetako urtea Andoainen

Udalak sustatutako programa aberatsa garatu da udalerrian mugikortasun jasangarriaren eta askotariko ingurumen gaien inguruan. Irailetik abendura antolatu diren informazio eta kontzientziazio jardueretan herritarren erantzuna bikaina izan da. Eskerrik asko parte-hartzaile guztiei; datorren urtean gehiago eta hobeto!

Argazkia: Irizar e-mobility

Udazkena Gipuzkoako Parketxeetan

Udazkena Gipuzkoako Parketxeetan

Zuhaitzen hostoak eguzki argi faltaz kolorez aldatzen hasiak dira Lizarrusti eta Zegama inguruetan. Artaldeko arkume berriak ere jaiotzen dabiltza Arantzazu eta Aralarren. Arditurrin granitoa hotz dago iadanik eta Iturraranen lorategiko landareek azken loreak bota dituzte iadanik. Ezin politago daude Euskal Herriko mendi inguruak.

Udazkenean bete-betean sartu gara iadanik Gipuzkoako Parketxeetan eta hainbat dira bertan antolaturiko ekintza bereziak. Arditurrin urria Muniskuegañe inguruetan hasi eta gero Oielekuko magiaz bukatu genuen. Aralarren aldiz, Lareo inguruko kobazuloetan barrena espeleologia abentura ere izan zen. Liho landarearen zuntzekin makramean eskuak lanean jartzeko aukera ere bizi genuen Anduetzan eta Arantzazun. Azaroan Jentilbaratzako lagunen ikuskizun ederraz gozatu genuen Barandiaran museora eta Anduetzara gerturatu ginenok.

Urtaro berezi honen ekuatorera iritsi gara dagoeneko eta oraindik askotarikoak dira Gipuzkoako natura parkeez gozatzeko aukerak. Hasteko, bertako elikagai eta ekoizle txikiak ezagutzeko hainbat aukera izango ditugu. Ardi eta behi esnekiak nondik datozen ikasteko eta hauek dastatzeko, Adarrazpi eta Iztueta baserrietan izango gara eta Agorregiko errotan ehotutako irinarekin ogi goxoa egiteko aukera izango da Iturraranen asteburu berean. Horrez gain, mitologiari buruzko ipuin kontaketa antzeztura joateko aukerarik izan ez zutenek abenduaren 3an izango dute ordua Arantzazu parketxean. Aintzinateko jainko-jainkosen inguruan bukatuko dugu hilabetea Anduetzan azaroaren 24ko Luis Mari Zaldua Etxaberen hitzaldiarekin eta Olentzero ere lanez gainezka dabilen arren parketxe horretan pasako ditu gabon aurreko hainbat egun.

Gero eta gutxiago gelditzen da neguari ongi etorria egiteko, baina udazkenak oraindik hainbat abentura ditu guretzat gordeta! Zatoz Gipuzkoako parketxeetara!

Gure ekimenen informazio osoa www.gipuzkoanatura.eus webgunean aurkituko duzu!

Elikagaien xahuketa prebenitzeko kanpaina Urola Kostako Udalerrien Elkartean

Elikagaien xahuketa prebenitzeko kanpaina Urola Kostako Udalerrien Elkartean

Urola Kostako Udalerrien Elkartean gauzatzen ari garen kanpaina, elikagaien xahuketa prebenitzea helburu duen ekintza sorta da. Proiektuak Urola Kostako udalerrietan gizarteko sektoreak elikagai xahuketaren arazoaren inguruan sentsibilizatzea, eta horren bidez, xahututako elikagai kopurua gutxiean datza.

Kasu honetan kanpainaren hartzaileak supermerkatuak, ostalaritza eta herritarrak dira. Hartzaile mota bakoitzarekin janari xahuketa lantzeko askotariko ekintzak diseinatzen eta gauzatzen ari gara.

Eskualdeko supermerkatuetan bisita pertsonalizatuan antolatu dira, bertan xahututako elikagaien tipologia, kantitatea, maiztasuna, zergatia eta dohaintza landu dira. Irabazi asmorik gabeko erakunde batekin elkarlanean, dohaintzarik egiten ez duten supermerkatuei zirkuituan parte hartzeko gonbita egin zaie eta jada dohaintza sisteman parte hartzen duten supermerkatuei berriz, ekimena indartzeko aukera eman zaie.

Ostalarien kasuan, establezimendu bakoitzari bisita pertsonalizatua egin zaio eta galdetegi baten bidez, besteak beste, ostalarien elikagaien xahuketaren zergatia, bezeroak ontzi bidez elikagaiak etxera eramateko aukera eta dohaintza zirkuitu batean parte hartzeko nahia bildu dugu. Horretaz gain, janari xahuketa eta gaiarekin erlazionatuta datorren urtean indarrean sartuko den legedia landuko da mahainguru baten bidez.

Horretaz gain, bigarren enpresa batekin lankidetzan, ostalaritzako sukaldetan zerbitzatu gabe gelditzen diren elikagaiak bildu eta dohaintza sistema bat sortzeko logistika aztertzen ari da.

Herritarrei dagokionez, etxeetako elikadura xahuketa gutxitzeko gida laburra diseinatu da, eta ondoren, Urola Kostako udalerri bakoitzean sentsibilizazio tailerrak egingo dira.

 

Euronet 50/50 proiektua Urola Erdiko 11 ikastetxeetan

Euronet 50/50 proiektua Urola Erdiko 11 ikastetxeetan

Proiektua ikastetxeen eta Udalaren arteko lankidetzan oinarritzen da, eskoletan energia aurreztea lortzeko. Baina aurrezteaz gain, proiektuak eskola-komunitatean energia-kontsumoaren eredu egokien inguruan sentsibilizatzea eta heztea sustatzen du. Are gehiago, metodologiaren helburua da ikasleen energia-kontzientzia garatzea eta haien ikaskuntza bideratzea, eskolan, etxean eta beste edozein lekutan ikasitako guztia aplika dezaten. Proiektuak pizgarri ekonomiko bat erabiltzen du energiaren aurreztea bultzatzeko, Udalak erdietsitako aurrezpen ekonomikoa erdibana partekatzen baitu eskolarekin. Hortik dator 50/50 izena.

Kasu honetan proiektuan Azpeitiako bost ikastetxe, Azkoitiako beste bost ikastetxe eta Errezilgo herri eskolak parte hartuko dute.

Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SLren erronka nagusia da adin ezberdineko ikasleak proiektuan sartzea, motibazio- eta konpromiso-maila handiarekin. Alde batetik LHko ikastetxeak daude barne eta bestalde DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Horretarako, alde batetik energia-auditoria abian jarriko dugu, non ikasleek datuak hartu behar dituzten  beharrezkoak diren tresnak erabiliz: iparrorratza, termometroa, luxometroa, kontsumo-neurgailua eta CO2 neurgailua. Eta bestalde, lau kontzientziazio-saio prestatuko ditugu.

Lau saio horiek ikasturtean zehar banatuko dira, urtarrila eta ekaina bitartean. Lehenengo saioak aurrez aurreko energia-ibilbide bat egitea eta garatzea izango ditu helburu; bigarrena trantsizio energetikoari buruzko aurkezpen gamifikatu bat izango da; hirugarrena energia-kontsumoa Garapen Jasangarriko Helburuekin lotzen duen mahai-joko bat izango da; eta ikasturtean ikasitako guztia bilduko duen proba eta erronkekin osatutako tribial erraldoi batean oinarrituko da azkena.

Adineko pertsonak, birziklatzen lehenak

Adineko pertsonak, birziklatzen lehenak

Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala, Ecoembesekin lankidetzan, birziklatze-programa aitzindari bat garatzen ari dira, bereziki adinekoentzat. Artelatz izan da kanpainaren esleipenduna, eta haren helburua da birziklatzea Bizkaiko adineko pertsonentzako zentroetara eramatea, adinekoentzako jarduera espezifikoen programa bat aktibatuz, beren beharretatik, interesetatik, gustuetatik eta asmoetatik birziklatzera hurbiltzeko, zentro bakoitzari bertan sortzen dituzten hondakinak gaika biltzeko behar dituzten baliabideak emanez. Adinekoak funtsezko kolektiboa dira gure gizartean, ingurumena zaintzeko eta birziklatzeko, eta adinekoen zentroak – egoitzak, eguneko zentroak eta tutoretzapeko apartamentuak – bide ezin hobea birziklatzearen kulturaren garrantziaren mezua helarazteko. Programak ontzien hondakinen kudeaketa jasangarriagoa izatea errazten du, eta horrek eragin positiboa du ingurunean. Adinekoek ekimen honetan parte hartzea funtsezkoa da, guztion artean beren udalerrietan ontziak birziklatzen, ingurumena hobetzen eta kontserbatzen eta birziklatzearen kulturan laguntzen jarrai dezagun.