Zuhaitzen hostoak eguzki argi faltaz kolorez aldatzen hasiak dira Lizarrusti eta Zegama inguruetan. Artaldeko arkume berriak ere jaiotzen dabiltza Arantzazu eta Aralarren. Arditurrin granitoa hotz dago iadanik eta Iturraranen lorategiko landareek azken loreak bota dituzte iadanik. Ezin politago daude Euskal Herriko mendi inguruak.

Udazkenean bete-betean sartu gara iadanik Gipuzkoako Parketxeetan eta hainbat dira bertan antolaturiko ekintza bereziak. Arditurrin urria Muniskuegañe inguruetan hasi eta gero Oielekuko magiaz bukatu genuen. Aralarren aldiz, Lareo inguruko kobazuloetan barrena espeleologia abentura ere izan zen. Liho landarearen zuntzekin makramean eskuak lanean jartzeko aukera ere bizi genuen Anduetzan eta Arantzazun. Azaroan Jentilbaratzako lagunen ikuskizun ederraz gozatu genuen Barandiaran museora eta Anduetzara gerturatu ginenok.

Urtaro berezi honen ekuatorera iritsi gara dagoeneko eta oraindik askotarikoak dira Gipuzkoako natura parkeez gozatzeko aukerak. Hasteko, bertako elikagai eta ekoizle txikiak ezagutzeko hainbat aukera izango ditugu. Ardi eta behi esnekiak nondik datozen ikasteko eta hauek dastatzeko, Adarrazpi eta Iztueta baserrietan izango gara eta Agorregiko errotan ehotutako irinarekin ogi goxoa egiteko aukera izango da Iturraranen asteburu berean. Horrez gain, mitologiari buruzko ipuin kontaketa antzeztura joateko aukerarik izan ez zutenek abenduaren 3an izango dute ordua Arantzazu parketxean. Aintzinateko jainko-jainkosen inguruan bukatuko dugu hilabetea Anduetzan azaroaren 24ko Luis Mari Zaldua Etxaberen hitzaldiarekin eta Olentzero ere lanez gainezka dabilen arren parketxe horretan pasako ditu gabon aurreko hainbat egun.

Gero eta gutxiago gelditzen da neguari ongi etorria egiteko, baina udazkenak oraindik hainbat abentura ditu guretzat gordeta! Zatoz Gipuzkoako parketxeetara!

Gure ekimenen informazio osoa www.gipuzkoanatura.eus webgunean aurkituko duzu!