Urteroko ohiturari jarraituz, abenduan zehar Zegamako Anduetza parketxean Olentzeroren bisita izan dugu. Talde txikietan eta osasunaren prebentziorako neurriak zorroztasunez betez, ilusioz gainezka hartu dute hurbildutako haurrek eta familia guztiek. Ipuin-kontaketa eta haurren gutunak jaso ondoren, taloak egiteko aukera ere izan dute. Arrakasta handiko saio hauekin, Gipuzkoako parketxeetako egitarau bereziari amaiera eman zaio.

Covid-19aren pandemiaren eraginez, urte zaila eta gorabeheratsua izan bada ere, oso emaitza onak erregistratu dira Gipuzkoako parketxe sarean. Guztira 39.000 bisitari inguru artatu dira Pagoetako Iturraranen, Aiako harriko Arditurrin, Aralarko Barandiaran museoan eta Lizarrustin, Aizkorri-Aratzeko Anduetzan eta Arantzazun. Ikastetxeetako ikastaldeak natura-parkeetara joaten jarraitu dute eta herritar orori zuzendutako ekintza bereziek harrera bikaina izan dute. Halaber, www.gipuzkoanatura.eus webguneak jarraipen zabala izan du,  59.000 bisitari norbanako izan dituelarik eta 88.000 saio.

Datorren urterako zaku bete plan ditugu eta zuekin guztiokin partekatzen jarraitzea da gure nahia. Mila esker guztioi!