Errenteriako Landalurraren 15. azoka

Errenteriako Landalurraren 15. azoka

Larunbat honetan (urriak 19) Errenteriako Gamon zumardian gure baserrietan ekoiztutako kalitatezko produktuak eta abereak izango dira protagonistak egun guztian zehar.

Urteroko zitari jarraituz, egitarau aberatsa osatu dute Errenteriako udaleko eta Behemendi elkarteko arduradunek. Goizeko 10:00etatik aurrera, erakusketa eta salmenta postuak zabalik izango dira; “Sagardoa egiten” erakustaldia Egiluze sagardotegiaren eskutik; Errenterian ekoiztutako kalitatezko produktuen dastaketa (Barin baserriko Luma gorri oilaskoa, Egiluzeko sagardoa, Borda berriko Idiazabal gazta…).

Erakusketa interesgarriak ere izango dira ikusgai, besteak beste, perretxikoena eta “Erlezaintza eta liztor beltza”. Era berean, tailer eta jolasak antolatuko dira haurrentzat eta gaztetxoentzat.

Artelatzek, urtero bezala, aktiboki hartuko du parte informazio gunearen arretan eta Eskolako Agenda 21eko txokoaren dinamizazioan.

Bigarren eskuko bizikleten merkatuak irailean

Bigarren eskuko bizikleten merkatuak irailean

Irailaren 13an, ostiralarekin, bigarren eskuko bizikleten merkatua antolatuko dugu Errenteriako Gamon zumardian Udalaren eskutik. Arratsaldeko 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik. Doako Gordailu sistema bidezko sal-erosketa egingo da. Gordailu-zerbitzua 15:00etatik 16:30era egongo da indarrean. Ekarri saldu nahi duzun zure bizikleta edo mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuak (patinak, patineteak, trizikloak, osagarriak…).

Era berean, aukera paregabea da behar duzun bizikleta eskuratzeko prezio ezin hobean.

Antolatuko ditugun ezaugarri bereko hurrengo merkatuak Irailaren 21ean Eibarren eta 22an Irunen izango dira.

Ekimen hauek, Europako Mugikortasun jasangarriaren astearekin lotura daukate, eta aldi berean, erakunde antolatzaileek garatzen ari diren Hondakinen prebentzio planetan primeran txertatzen dira.

 

Arditurriko Bide Berdeen 8. Eguna igande honetan Oiartzunen

Arditurriko Bide Berdeen 8. Eguna igande honetan Oiartzunen

Irailaren 15eko jai egunaren jarduera nagusia bizikleta martxa izango da. Bi abiapuntu jarri dira goizeko 10:00etan: Errenteriako Gamon zumardia eta Oiartzungo Done Eztebe plaza. Bide berdea jarraituz, Arditurriko parketxea izango da helmuga. Ibilbidearen zailtasun-maila erraza da, beraz adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hau. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko 15 minutu lehenago egotea komeni da irteera puntuan.

Arditurrin bizikleten gordailu zerbitzua jarriko da. Gainera, bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan, izakinak agortu artean. Bestalde, hainbat ekintza antolatu dira goiz pasa ederra borobiltzeko: meategira bisita gidatuak prezio murriztuan egin ahal izango dira goiz osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin Seg-way zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek dohainik.

Horrez gainera, 12:30etik 14:00etara hainbat jolasetan parte hartzeko aukera ere izango dute: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin, etab.

Aurten ere aukera berezi bat izango da gainera, Ingurumen jolas tailerra  izango baita 11:00etatik 12:30era. Gurpil Artea elkartearen eskutik, bizikletak nola konpondu daitezkeen ikasi ahal izango da, adibidez.

Arditurrin programako ekintzak amaitzean, norberaren kabuz izango da itzulera.

 

Lasarte-Oriako Udalak aurten ere Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astean parte hartu du

Lasarte-Oriako Udalak aurten ere Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astean parte hartu du

“Aukeratu. Aldatu. Konbinatu zure mugikortasuna” lelopean ospatu da aurten Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea Lasarte-Orian, jendea garraio-alternatiba ezberdinetan pentsatzera animatuz. Hori dela eta, Ingurumeneko arloak Artelatzeko kideen laguntzaz, hainbat jarduera antolatu zituen irailaren 17tik 22ra bitartean.

Aurtengo egitarauan, ondorengo jarduera parte-hartzaileak aurkitu dira:

  • Kaleak oinezkoentzat: herri kirolak, segway eta bide hezkuntza zirkuitua.
  • Bizikleta festa-martxak, jolasak eta bigarren eskuko merkatu txikia.
  • Hirian bizikletan ibiltzeari buruzko ikastaroa.
Artelatzek Ekoscan PLUS ziurtagiria jaso du

Artelatzek Ekoscan PLUS ziurtagiria jaso du

Artelatz enpresak Ingurumen Hobekuntza Kudeatzeko Sistema ezarrita dauka eta zazpigarren urtez jarraian, auditoria gainditu eta eskumena duen ingurumen administrazioak legezko betebeharrak bete dituela egiaztatu ondoren, Ekoscan PLUS ziurtagiria jaso du. Ziurtagiriaren balio-data 2018ko uztailerartekoa da. Garapen jasangarriaren aldeko apostua dugu eta horretan jarraitzen dugu lanean.