Irailaren 15eko jai egunaren jarduera nagusia bizikleta martxa izango da. Bi abiapuntu jarri dira goizeko 10:00etan: Errenteriako Gamon zumardia eta Oiartzungo Done Eztebe plaza. Bide berdea jarraituz, Arditurriko parketxea izango da helmuga. Ibilbidearen zailtasun-maila erraza da, beraz adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hau. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko 15 minutu lehenago egotea komeni da irteera puntuan.

Arditurrin bizikleten gordailu zerbitzua jarriko da. Gainera, bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan, izakinak agortu artean. Bestalde, hainbat ekintza antolatu dira goiz pasa ederra borobiltzeko: meategira bisita gidatuak prezio murriztuan egin ahal izango dira goiz osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin Seg-way zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek dohainik.

Horrez gainera, 12:30etik 14:00etara hainbat jolasetan parte hartzeko aukera ere izango dute: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin, etab.

Aurten ere aukera berezi bat izango da gainera, Ingurumen jolas tailerra  izango baita 11:00etatik 12:30era. Gurpil Artea elkartearen eskutik, bizikletak nola konpondu daitezkeen ikasi ahal izango da, adibidez.

Arditurrin programako ekintzak amaitzean, norberaren kabuz izango da itzulera.