Larunbat honetan (urriak 19) Errenteriako Gamon zumardian gure baserrietan ekoiztutako kalitatezko produktuak eta abereak izango dira protagonistak egun guztian zehar.

Urteroko zitari jarraituz, egitarau aberatsa osatu dute Errenteriako udaleko eta Behemendi elkarteko arduradunek. Goizeko 10:00etatik aurrera, erakusketa eta salmenta postuak zabalik izango dira; “Sagardoa egiten” erakustaldia Egiluze sagardotegiaren eskutik; Errenterian ekoiztutako kalitatezko produktuen dastaketa (Barin baserriko Luma gorri oilaskoa, Egiluzeko sagardoa, Borda berriko Idiazabal gazta…).

Erakusketa interesgarriak ere izango dira ikusgai, besteak beste, perretxikoena eta “Erlezaintza eta liztor beltza”. Era berean, tailer eta jolasak antolatuko dira haurrentzat eta gaztetxoentzat.

Artelatzek, urtero bezala, aktiboki hartuko du parte informazio gunearen arretan eta Eskolako Agenda 21eko txokoaren dinamizazioan.