Eskolako Agenda21eko eskulanak erakusgai Hernanin

Eskolako Agenda21eko eskulanak erakusgai Hernanin

Maiatzaren bukaeran Eskolako Agenda 21en egitasmoaren barne egindako eskulanak eta materialak erakusgai jarri genituen Hernaniko Kultur Etxean. Arratsaldero, herriko ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoen bisita izan dugu eta ikasturtean zehar egin diren ekintza nagusienetarikoak bideo labur batean laburbiltzen saiatu gara. Gipuzkoako 60 ikastetxe inguruk Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak Kooperatibak kudeatzen duen Eskolako Agenda 21 eskolarteko ekintzan parte hartu dute aurten. Hernaniko kasuan, adibidez,  biodibertsitatea eta kultur-aniztasunarekin lotutako gaiak landu dituzte eta Ghana eta Maliko herrialdetako bizilagunen bizimodua ezagutzeko aukera izan dute. Ikasleen parte-hartzea oso ona izan dela esan dezakegu, Ghanako ereserkia abesten ikasi zuten. Aurreko ebuletinean gogoratu genuen bezala, duela hamar urte hasi ginen Azkoitian Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak Kooperatiban Eskolako Agenda 21 ingurumenarekin eta  eredu jasangarriekin lotutako gaiak lantzen eta orduz geroztik beste udalerri askotako ikastetxeeak ere urtez urte berretsi digute haien konfidantza.

Pago motzak kimatzen Aiako Harrian: txondorra elikatzen

Pago motzak kimatzen Aiako Harrian: txondorra elikatzen

Aiako Harriko basoetan antzinatik erabili da zuhaitzak kimatzearen teknika, adarrak altuera jakin batean moztuta, egur ekoizpen handiagoa lortzen baitzen. Gaur egun ere ugariak dira antzinako teknika honen lekukoak gure basoetan, pago motzak. Pago motzak ikazkintzari lotuak egon dira aspalditik, txondorgileek pagoak kimatuz lortzen baitzuten txondorra egiteko behar zuten egurra. Horrela, maiatzaren 11ean, larunbatez, azaroan Arditurrin piztuko den txondorra egiteko beharrezkoa den egurra moztuko da basoan, Oiartzungo Antonsoron (eskuz eta mandoak baliatuz). Joxe Billaluze “Leatza” eta Joxe Manuel Etxarte “Trumoia” ikazkin ohiak izango dira kimatze lanetan arituko direnak, Albaola,  itsas kultur erakundeko kideen laguntzarekin. Pagoak eskuz moztuko dituzte, egurra pilatu eta ondoren mandoaz baliatuz garraiatuko dute. Gainera gaian adituak diren Alvaro Aragon (Euskal Herriko historian aditua) eta Mikel Leoz (itsas historian aditua) izango dira bertan eta teknika honen aberastasun historiko eta naturalaz jabetzen lagunduko digute.

Elkargunea, Kausoroko aparkalekua izango da (Artikutza bidea 12. kilometroa), arratsaldeko 16:30ean eta  ekimenaren iraupena bi ordukoa izango da. Kausoroko aparkalekutik, Arditurriko Parketxeko hezitzaileek Antonsororaino gidatuko dute taldea, kimaketa egingo den basoraino hain zuzen ere. Zailtasunik gabeko bidea da eta ibilbide labur honen iraupena 20 minutukoa izango da. Oinetako egokiak ekartzea gomendatzen da.  Gipuzkoako Parketxe Sarea, Oiartzungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira ekimen honen antolatzaileak, Life+ Biodibertsitatea eta Zuhaitz Motzak proiektuaren diru-laguntzarekin.

Oiartzungo ikazkintza

“Pago motzak kimatzen Aiako Harrian: txondorra elikatzen” ekimenak, Oiartzungo ikazkintza ekimenarekin bat egiten du. Hain zuzen, maiatzaren 11ean moztuko den egurra, azaroaren 23an Arditurrin piztuko den txondorra egiteko erabiliko da. Modu honetan, txondorraren eraikuntzaren prozesua hasieratik  amaieraraino ikusi ahal izango dute bisitariek: egurraren mozketa, txondorra piztearen festa eta ikatza jasotzeko momentua.

Informazio gehiago:

Arditurriko Parketxea

943 494521/943 495069

arditurri@gipuzkoamendizmendi.net

Artelatz kooperatibak Naturaldia jardunaldietan parte hartu du

Artelatz kooperatibak Naturaldia jardunaldietan parte hartu du

Gure ibaiek benetan duten balioaz jabetzen al gara? Nola tratatzen ditugu ibarrak eta ibaiertzak? Zenbat oztopo gaindiezin jartzen ditugu ibaietan? Zenbat ur ateratzen eta pribatizatzen dugu? Nolakoa da Gipuzkoako ekosistema akuatikoen egoera? Galdera hauei erantzuna ematen saiatzeko Naturaldia jardunaldiak antolatu ditu Gesto Naturak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren eta Tolosako Udalaren babesarekin. Aurten, Artelatz Ingurugiro Kooperatibako Juan Unzueta aurkezle lanetan aritu da ekitaldi guztietan. Maila eta jakinduria handiko hizlariek parte hartu dute aurtengo edizioan: Pedro Arrojo, Arturo Elosegi, Iñaki Antiguedad, Patxi Tames, Iñaki Arrate, Hasier de los Rios, Jordi Sargatal, Pedro Brufao eta Miguel Delibes de Castro. Amaierako hitzaldia Madrilgo Complutense Unibertsitateko Biologia Zientzietako doktore eta CSIC erakundeko ikerkuntza-irakaslea den Miguel Delibes de Castrok “Ura, baliabide baliotsu eta mugatua” hitzaldia eskainiko du maiatzaren 16an, Donostiako Aquariumen urak egungo gizartean zer-nolako balioa duen azalduz.