Maiatzaren bukaeran Eskolako Agenda 21en egitasmoaren barne egindako eskulanak eta materialak erakusgai jarri genituen Hernaniko Kultur Etxean. Arratsaldero, herriko ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoen bisita izan dugu eta ikasturtean zehar egin diren ekintza nagusienetarikoak bideo labur batean laburbiltzen saiatu gara. Gipuzkoako 60 ikastetxe inguruk Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak Kooperatibak kudeatzen duen Eskolako Agenda 21 eskolarteko ekintzan parte hartu dute aurten. Hernaniko kasuan, adibidez,  biodibertsitatea eta kultur-aniztasunarekin lotutako gaiak landu dituzte eta Ghana eta Maliko herrialdetako bizilagunen bizimodua ezagutzeko aukera izan dute. Ikasleen parte-hartzea oso ona izan dela esan dezakegu, Ghanako ereserkia abesten ikasi zuten. Aurreko ebuletinean gogoratu genuen bezala, duela hamar urte hasi ginen Azkoitian Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak Kooperatiban Eskolako Agenda 21 ingurumenarekin eta  eredu jasangarriekin lotutako gaiak lantzen eta orduz geroztik beste udalerri askotako ikastetxeeak ere urtez urte berretsi digute haien konfidantza.