Bilboko eta Gasteizko ikastetxeetan ingurumen-heziketa lantzen

Bilboko eta Gasteizko ikastetxeetan ingurumen-heziketa lantzen

Otsailetik apirilera bitartean Bilboko eta Gasteizko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan lanean ari dira Artelatz-eko ingurumen hezitzaileak hiri-hondakinen gaikako bilketa eta birziklapena lantzen. Bilbon 9. edizioa da aurtengoa, 108 saio daude programatuta eta 2.160 ikasle inguruk hartuko dute parte. Gasteizen, 92 ikastalde eta 1.800 ikasle inguru izango ditugu. Bilboko eta Gasteizko Udalak, Ecoembes eta Ecovidrio erakundeak (bakoitza bere programa sustatuz) dira programa arrakastatsu hauen babesleak. Ikasgelan bertan egiten diren saioetan, baliabide digital berritzaileak erabiltzen dira, metodologia parte-hartzailean oinarrituz.

Halaber, ikasturte honetan Gipuzkoako hainbat eskualdeetan ere antzerako programak burutu ditugu, balorazio bikainak lortuz: Sasieta Mankomunitatea, San Marko Mankomunitatea, Tolosaldeko Mankomunitatea…

Eskertuak gaude ikastetxe parte-hartzaileen inplikazioagatik eta erakunde sustatzaileen konfiantzagatik

Pasaian “Etorkizuna Birziklatzen”

Pasaian “Etorkizuna Birziklatzen”

Pasaiako Udalak informazio eta sentsibilizazio kanpaina sendoa jarri du abian Artelatz Ingurumen Zerbitzuak enpresaren eskutik, hiri-hondakinen kalitateko gaikako bilketa eta birziklapena sustatzeko. Izan ere, gaur gaurkoz birziklapen-tasa % 48koa besterik ez da. Udalak, hiri-hondakinen ordenantza berritu du eta hobekuntza garrantzitsuak ari da egiten (hiri-garbiguneak zabaltzea, baliabideen banaketa etxez etxe, txartel elektroniko berriak…). Horretaz guztiaz informazioa emateko eta herritarren parte-hartzea handitzeko, askotariko ekintzak ari dira burutzen kanpainaren barruan: bisitak etxebizitza eta komertzio guztietara baliabideak eta Birziklapen gida banatuz, informazio puntu iraunkorrak eta ibiltariak, komunikazio-plan berezia… Urtarrilaren azken astean jarri zen abian eta martxoaren amaiera bitartean luzatuko da. Herritarrek harrera ona egin diote ekimenari; ea hurrengo hilabeteetan hobekuntza islatzen den bilketa-datuetan.

Informazio gehiago: www.pasaia.eus/hondakinak

Lizarrusti parketxea berriro zabalik erakusketa berritu batekin

Lizarrusti parketxea berriro zabalik erakusketa berritu batekin

Lizarrustiko parketxeak Aralarko kultur paisaien edertasunari eta aberastasunari buruzko ikuspegi zabala ematen duen erakusketa berritu batekin ireki zituen ateak pasa den otsailaren 6an. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka berdeko departamentua (Mendietako eta natura Ondareko zuzendaritza) da erakunde sustatzailea eta babeslea. Hiru areto berritu dira. Sarrerakoan, bisitariei arreta zuzena ematen zaien lekua izanik, Aralarko natura-parkearen aurkezpena eta ibilbideen informazioa jarri da. Areto nagusian, askotariko gaiak lantzen dira (basogintza, biodibertsitatea, geologia, artzantza, megalitoak…) informazio-panelen bitartez. Natura-parkearen maketa handia mantendu egin da. Azkenik, askotariko erabilerarako aretoan mitologia da gai nagusia. Bisitariari begiak zabaltzea eta jakinmina piztea da xede nagusia; euskarri berrietan oinarrizko eduki batzuk ikusgai izango dira eta informazio osagarria nahi duenak QR kodeen bitartez eskuratu ahal izango du.

Artelatz Ingurumen Zerbitzuak enpresak gauzatu du lana.

Bestalde, parketxean dagoen aterpetxe eta jatetxearen lizitazioa otsailaren 20an argitaratu zen eta proposamenak aurkezteko, 15 egun naturaleko epea izango da.

www.gipuzkoanatura.eus

Gaueko hegazti harraparien bila Zegaman

Gaueko hegazti harraparien bila Zegaman

Urubiak, hontzak, mozolo zein zatak uste baino ohikoagoak ditugu gure lurraldean. Gaueko hegazti harrapari hauek egunez ikusezinak zaizkigu ia, inguruko zuhaitzen adarretan, zuhaitz-zuloetan edo habia-kaxetan ezkutuan atseden hartzen baitute. Gauez, ordea, iluntasunera egokituriko begi handiek, ederki garatutako entzumen finak eta isilean hegan egitea ahalbidetzen dieten hegaldi-luma bereziek harrapari bikainak bihurtzen dituzte.
Gautxori misteriotsu hauek hurbilagotik ezagutzeko aukera izango da Zegamako Anduetza parketxean, Nerea Pagaldai adituaren eskutik. Nerea biologoa da eta urubien inguruko doktoretza bukatzen ari da. Zehazkiro, hiriguneko eta landa-inguruneko urubien arteko ezberdintasunak aztertzen ari da. Horretarako, urubien zentsoak egiteaz gain, haiek markatu eta radiotracking bidez jarraitu ditu.
Harrapari gautarren ezaugarri orokorren inguruko azalpen dinamiko bat entzuteko aukera izango da lehenik: orientatzeko erabiltzen duten sistema, ernaltze zikloa, espezie ezberdinak, etab. Eta, jarraian, behaketa-ibilaldia egingo da, hegazti horien kantu eta banakoen xerkan. Azaroaren 22an, ostirala, izango da hitzordua, arratsaldeko 18:00etan.
Zailtasunik gabeko ibilaldia da, edozein herritarrentzat egokia. Linterna edo frontala eramatea gomendatzen da. Nahitaezkoa aurrez izena ematea:
943 80 21 87 / 688 62 36 09 anduetza@gipuzkoanatura.eus

Etxeko konpostajea aurrera doa Bidasoa Behereko eskualdean

Etxeko konpostajea aurrera doa Bidasoa Behereko eskualdean

Konpostatzea da etxeko hondakinak prebenitzeko neurri eraginkorrenetako bat. Txingudiko Zerbitzuak erakundeak 15 urte daramatza etxean konpostatzea sustatzen erabiltzaile potentzialen artean; izan ere, konpostagailu batekin konpostatzeko, baratze edo lorategi bat behar da. 15 urte hauetan hainbat jarraipen eta kaptazio kanpaina egin dira etxe-inguruan sortzen diren hondakin organikoak konpost bihurtzen dituzten etxebizitzen kopurua handitzeko. 2024an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren laguntzarekin, Txingudiko Zerbitzuak erakundeak 2019tik egiten ez zen kanpaina bat berrargitaratzea erabaki zuen, nahiz eta bere webgunean kanpaina honetan parte hartzeko eskaera egiteko aukera beti indarrean egon.

Kanpainaren hasieran, 688 familiak konpostatzen zuten aldez aurretik, eta helburua da 100 familia berri lortzea, bai eta egungo datu-basea eguneratzea eta konpostatzen dutenei presentzialki eta telefonoz inkesta txiki bat egitea ere, jakiteko ea kanpainan alta emanda jarraitu nahi duten, zertan erabiltzen duten lortutako konposta jakiteko, nork kudeatzen duen etxean etxeko konpostajea, ea beharrezkoa den egoera txarrean dauden konpostagailuak berritzea eta ea bisitatzea nahi duten arazoren bat konpontzeko.

Kanpaina amaitzeko, erabiltzaile berriak trebatuko dira ordubeteko ikastaro batekin. Ondoren, konpostagailua, aireztagailu bat eta konpostatze-gida bat banatuko dira doan. Aste gutxi barru jakingo dugu zenbat familiak konpostatzen duten Bidasoa Behereko eskualdean, eta askoz gehiago izatea espero dugu.

“Birziklatu”

“Birziklatu”

Azaroan “Birziklatu” kanpaina garatzen ari da Bilboko Udalarentzat, Ecoembesekin lankidetzan. Kanpaina hiriko auzoak zeharkatzen ari da, eta, horrela, 8 barrutietatik eta auzoetatik igaroko da, planteatutako 23 saioetan zehar. Azaroaren 5etik abenduaren 5era kanpainaren helburu nagusia gure etxeetan sortzen ditugun hondakinen bilketa egokiaz kontzientziatzea izango da, edukiontzi urdinera eta horira bota beharrekoei arreta berezia eskainiz. Hiru ingurumen-hezitzaileetako bati arreta ematen dioten pertsonen artean plastikozko hiru poltsako sortak zozketatzen dira, etxean hondakinak behar bezala bereiztea errazteko. Guztira 1.000 lote banatuko dira.