Aza 10, 2021 | Ingurumen hezkuntza
EURONET 50/50 max eraikin publikoetan energia aurreztea helburu duen proiektu europearra da, instalazioen erabilera egokitik eta energiaren kudeaketa arduratsutik abiatuta. Proiektuak lortutako energia aurreztea sustatzen du ekonomikoki; horrela, Udalak konpromisoa hartzen du lortutako aurrezpen ekonomikoaren % 50 ordaintzeko ikastetxeari, eta ikastetxeak konpromisoa hartzen du aurreztera bideratutako neurriak aplikatzeko eta proiektuaren buru izateko.
Kasu honetan proiektua Hernaniko bi ikastetxetan inplementatzen da, zehazki Txirrita ikastetxean eta Urumea ikastolan.
Baina aurrezteaz gain, proiektuak eskola-komunitatean energia-kontsumo egokien inguruan sentsibilizatzea eta heztea sustatzen du. Are gehiago, metodologiak ikasleen kontzientzia energetikoa garatu eta haien ikaskuntza bideratu nahi du, ikasitako guztia eskolan, etxean eta beste edozein lekutan aplika dezaten.
Proiektu honetan, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SLren erronka nagusia da adin guztietako ikasleak proiektuan sartzea, motibazio- eta konpromiso-maila handiarekin. Horretarako, alde batetik energia-auditoria abian jartzen ari gara, non ikasleek datuak hartu behar dituzten beharrezkoak diren tresnak erabiliz: iparrorratza, termometroa, luxometroa, kontsumo-neurgailua, CO2 neurgailua eta detektagailu termiko infragorria. Eta bestalde, lau kontzientziazio-saio prestatzen ari gara.
Lau saio horiek ikasturtean zehar banatuko dira eta teknologia berriek protagonismo handia hartuko dute. Lehenengo saioak aurrez aurreko energia-ibilbide bat egin eta garatu izango du helburu, birtuala izateko aukerarekin; bigarrena trantsizio energetikoari buruzko aurkezpen gamifikatu bat izango da; hirugarrena energia-kontsumoa Garapen Jasangarriko Helburuekin lotzen duen mahai-joko bat izango da; eta ikasturtean ikasitako guztia bilduko duen proba eta erronkekin osatutako tribial erraldoi batean oinarrituko da azkena.
Mart 12, 2021 | Ingurumen hezkuntza
Udaberria ate joka daukagun une honetan, neguko lozorrotik esnatu eta parketxeetara ingurumen heziketako taldeen bisitak iristen hasiak dira. Ikastetxe askotatik ari dira animatzen natura parkeetan barrena ibilaldi bat egitera goiz ederra pasatzeko asmoz. Hala ere, bizi dugun momentua kontuan izanda, guztientzat ez da posible izan aukera hori, eta horregatik, tailer bereziak eskaintzen ari gara ikastetxean bertan egiteko “Basoan hazi, gelan hezi” deituriko saio berriaren bitartez. eta baita ibilaldi gidatuak dagokion herriko naturguneetara.
Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat eginez, lehorreko ekosistemak lantzea dugu helburu parketxeetan ere eta horren barruan BASOA. Hori, naturguneetara ibilaldien bidez, edota gelako saioaren bitartez gauzatzen dugu. Daukagun ingurunea ezagutarazten, interpretatzen ikasten eta ikasleei zentzumenen bidez helarazten saiatzen gara beti, baina aurten inoiz baino gehiago.
Informazio gehiago: www.gipuzkoanatura.eus
Eka 5, 2020 | Ingurumen hezkuntza
Ekainaren 5a efemeride garrantzitsua da guretzat, 1974. urteaz geroztik Ingurumenaren mundu mailako eguna ospatzen baita, Nazio Batuen Erakundeak sustatuta. Gai nagusi bat hartuz, haren inguruan sentsibilizatzea, ikusgarritasuna ematea eta egoera hobetzeko ekimenak garatzea izaten da asmoa. 2020rako Biodibertsitatea izan da aukeratutako gaia, “Naturaren ordua” lemarekin eta Kolonbia, herrialde anfitrioi modura.
Gaurko eguna, desberdina izango da. Ez legoke gaizki hausnarketarako tarte txiki bat hartzea eta horretarako egokia iruditu zaigu ekimenaren sustatzaileek publikatu duten testua:
“Jaten ditugun elikagaien aniztasuna, arnasten dugun airea, edaten dugun ura eta planetan gure bizitza posible egiten duen klima ez lirateke existituko naturaren zerbitzurik gabe.
Gaur egun, naturak mezu bat bidaltzen digun une paregabea bizi dugu.Gure burua zaintzeko, lehenbizi hura zaindu behar dugu. Erreakzionatzeko ordua iritsi da. Konturatzeko unea da. Gure ahotsak altxatzekoa. Hobeto berreraikitzeko ordua iritsi da, pertsonengatik eta planetagatik.
Ingurumenaren Mundu Egun honetan, Naturaren Ordua iritsi da.”
Argazkia: Ingurumenaren eguna (Tolosa, TIZ)
Eka 5, 2020 | Ingurumen hezkuntza
Irekieraren ondorengo lehenbiziko asteburuan, Ingurumenaren Mundu mailako egunaren ospakizunarekin bat eginez, hamaika jarduera izango dira Gipuzkoako lau natura-parkeetako bost parketxeetan
Natura zein kultura-ondarea ezagutzeko eta harekin gozatzeko aukera paregabea izango da asteburu honetan Aiako harria, Aralar, Aizkorri-Aratz eta Pagoetako natura-parkeetan. Izan ere, irekieraren ondorengo lehenbiziko asteburuan, Ingurumenaren Mundu mailako egunaren ospakizunarekin bat eginez (ekainaren 5a), egitarau berezia egongo da Gipuzkoan dauden bost parketxeetan.
Lehenik eta behin, Igeldoko Arrano etxean sendatutako urubiak askatuko dira Zegamako Anduetza parketxean. Ildo beretik, GPSa jarri zaien hegazti sarraskijaleez hitz egingo Mikel Olano Arantzazun.
Bestetik, Oiartzunen, Kauso-Oielekuko mairu-baratzeak eta beste zenbait altxor ikusteko ibilaldia izango da. Orobat, San Adrian igarobidearen sekretuak ezagutzeko aukera izango da Zegaman.
Bi horiek ez dira asteburu honetan izango diren irteera bakarrak. Hain zuzen, hango ibilbide irisgarriaren barrena, Arantzazu inguruko paisaiak ezagutzeko abagunea egongo da, baita ere, Ataunen, oraingoan, Barandiaranen oinatzetan ibiltzeko eta Lizarrustiko paisaia ehundu duten zuhaitz magikoak sentitzeko.
Hori guztia gutxi balitz, familientzako orientazio jolasak egongo dira Anduetza, Arditurri, Barandiaran eta Iturrarango parketxeetan. Jarduera horiek guztiek ez dute zailtasunik ia eta gehien-gehienak herritar guztientzat egokiak dira (familientzat bereziki).
Hori bai, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea, partaide kopuru mugatua hartuko delako. Esan gabe doa, SARS-Cov-2 birusa kutsatzeko arriskua ibitzeko prebentzio-neurriak hartuko direla.
Informazio gehiago eta izen-emateak, (hizki beltzez nabarmenduta dagoen) jarduera bakoitzaren estekan sartuta.
Eka 5, 2020 | Ingurumen hezkuntza
ZiSare da Txingudiko eta Urola Kostako ikastetxeetan etxeko konpostajerako dugun programa. Ikastetxeak itxi eta konfinatuta, bertan behera geratu zen, baina maiatzaren hasieratik Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SLk ZiSare programako saio guztiak eskaintzen dizkie bezeroei on line formatuan. Parte hartu duten ikastetxeen erantzun onaren eta haien balorazioen arabera, egokia izan da berriro martxan jartzea.
On line egindako lana ahalegin handia izan da Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SLrentzat eta Txingudi eta Urola Kostako mankomunitateentzat. On line formatura egokitu dira konpostajeko prestakuntza-saioa, deskonposatzaileak mikroskopio digitalaren bidez aztertzeko saioa eta konpostagailua husteko prozesua. Hirurak egokitu dira on line bertsiora.
On line husteko, konpostagailuetara joan, hustu eta bideoan grabatu dugu. Ikus-entzunezko material hori funtsezkoa izan da saio horiek arrakastaz tratatzeko.
Programa osatzeko, gure ingurumen-hezitzaileak egindako konpostagailuen edukiaren jarraipena egiten ari gara, baina ez dira martxoaren erdialdetik elikatzen ari. Aireztatzea eta datuak hartzea garrantzitsua izan da konposta heldua eta husteko baldintza onetan iristeko.
Ikastetxeetako arduradunekiko harremana mantendu egin da. Isurketen datuak aurreko urteetakoak baino urriagoak badira ere, ekainean datu horiek bildu eta dagokion memoria egingo dugu.
Mai 11, 2020 | Ingurumen hezkuntza
Martxoaren 15ean ezarritako larrialdi egoera dela eta, ikastetxeetan gertatu diren aldaketek eragina izan dute Eskolako Agenda 21 programan. Ohiko garapenak nolabaiteko eten bat izan badu ere, horien aurrean bizkor-bizkor moldatzera behartu gaitu. Ez du erabateko geldiera suposatu, Artelatzeko lan taldeak irakasle koordinatzaileekin harremanetan eta lanean jarraitzen dugulako.
Argi ikusten dugu egoera normal batean ematen den azken faseari dagokion lana egokitu egin behar dela. Hirugarren hiruhilekoan, Ikasleen arteko Foroa eta Udalbatza gauzatzea egokitzen zaigu. Horrek, herri mailako diagnostikoa burututa izatea eta emaitzak aztertzea eskatzen du. Jabetzen gara errealitate ezberdinen aurrean gaudela eta herri bakoitzean topatzen ari garen berezitasunei aurre egitea da Artelatzetik jorratzen ari garen lana.
Adibidez, “Ikasleen arteko Foroa” egitea zaila izango dela iruditzen zaigu. Baina Udalbatza mantentzearen aldekoak gara, hau da, aurrera eramateko lanean gaude, irakasleei ahalik eta lan gutxiena emanez. Ohiko Udalbatzaren formatua egokitu nahi dugu, laburragoa eta formatu txikiagoan utziz. Saioak presentziala edo birtuala, kasuan-kasuan. Herri bakoitzetik ordezkari batzuk eraman/konektatu eta alkateari batez ere azken dokumentua aurkeztu. Erronka polita dugu aurrean, eutsi goiari!