Ekonomia Zirkularraren inguruko Hall Escape-a

Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SL Ekonomia Zirkularraren inguruko Hall Escape bat diseinatzen ari da Txingudiko Zerbitzuentzat. Proiektua 2020ko irailerako egongo da amaituta, 2020-21 ikasturtearen hasierarekin bat etorriz. Ingurumen heziketarako baliabide bat izango da, gamifikazioan oinarritua eta mugikorra izatea izango da bere berezitasuna. Hasiera batean Iparragirreko ur depositu zaharraren (Irun) beheko sotoan jarriko da, baina Txingudiko Zerbitzuen nahia beste kokaleku batzuetara lekualdatzea izango da, hala nola, bide publikora, FICOBAra, merkataritza-guneetara, ikastetxeetara, eraikin publikoetara, etb… Horren helburua Bidasoa Beheako biztanleriak hondakinen sorreraren prebentzioan, hauen gaikako bilketan eta uraren kontsumo jasangarrian hartu beharko lituzketen ohituren inguruan kontzientziatzea izango da.

Gutxienez 8 eta gehienez 30 pertsonentzat prestaturiko jolasa izango da eta aldi berean jolastu ahal izango dute parte-hartzaile guztiek. Erronka bat ebazteko lantaldean aritu beharko dute, modu horretan, Aldaketa Klimatikoarekiko konpromisoa hartuta duten munduko beste gizarte batzuekin ere, komunitate zientifikoak datorren hamarkadarako aurreikusten duen itzulerarik gabeko puntua ez gainditzeko.

Proiektuaren buru Txingudiko Zerbitzuak izaten ari da Ecoembes, Ecovidrio eta nagusiki Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen 2019ko Berringurumena Programarekin elkarlanean: Udalsarea2030; Euskadin berrikuntza eta demostrazio proiektuak sustatzen dituen programa.

Erreka Eguna (Hernani)

Erreka Eguna (Hernani)

2019 urteko parte-hartze aurrekontuetan Urumea ibaiaren garbiketa DBHko ikasleekin izan zen proposamen bozkatuenetako bat.

Hori dela eta, Artelatzen lantaldearen laguntzarekin, bi saio bi garai desberdinetan garatu dira:

  • Bata ekainaren 17an egin zen Fagollagako presa inguruan Hernani BHIko 3. mailako ikasleekin.
  • Bigarren saioa irailaren 27an, aurreko leku berean, Floridan eta Karabel ingurunetan, Hernani BHIko aurreko taldeaz gain, Inmakulada ikastetxeko DBHko 4 mailetako ikasleen parte-hartzearekin eta Lanbide Heziketako Gizarte Berrikuntzako ikasle batzuekin. Azken saio hau ostiralean izanda, “Fridays For Future” mugimenduari ekintza proaktibo batekin indartu nahi izan da, ingurumenaren aldeko jarduera bat sustatuz neska-mutilen ekimenez.

Saio hauen helburua, uda partean bainatzeko gune bezala herritar askok erabiltzen dugun lekuari eta ibaiaren ertzei garrantzia ematea da, denon esku baitago gure erreka eta ibaiak garbi mantentzea.

“Hondakin onena sortzen ez dena da!” lelo honekin, herriko plazan ikusgai egon ziren ostiral arratsalde osoan ikasleek jaso zituzten hondakin guztiak, herritarrok kontzientzia gaitezen.

Hondakinak kitto! kanpaina

Hondakinak kitto! kanpaina

Sasieta Mankomunitateko (Goierri eta Urola Garaia) Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zuzenduriko hondakinei buruzko kanpaina garatu da urrian, azaroan eta abenduan.

Kanpaina hau, Hondakinak kitto! izenburupean egin da eta parte hartzaileak, LH-ko 20 ikastetxe eta 738 ikasle, eta DBHn berriz, 11 ikastetxe eta 668 ikasle izan dira.

Jorratu diren gaiak Murrizketa, Berrerabilpena eta Birziklapena izan dira batez ere. LH-n bi saio burutu dira ikastalde bakoitzarekin, bata gelan eta bigarrena patioan. DBH-n aldiz, saio bakarrean, gaur egungo gizarte kontsumista, publizitatea, merchandising teknikak ere aipatu dira, aurrekoez gain.

Urtez urte, oso arrakastatsua den kanpaina bat da oraintsu aipatutakoa, beti ere modu dinamikoan lantzen direlako kontzeptuak eta jolas moduan planteatuta errazago ikasten dutelako ikasleek. Gainera, irakasle zein gurasoen parte hartzea ere izan du, guztiok baikara gaur eta etorkizunean hondakinen arduradun.

Agenda guztiak zabalik

Agenda guztiak zabalik

Ikasturte berriari eutsiz Artelatzeko lan-taldeak Eskolako Agenda 21 programari hasiera eman dio. Denera, 23 udalerrietan Tokiko Agenda 21 programa garatzen hastearekin batera, eskola eta udalerri horien arteko sinergia garatzeko lanari eragiten diogu eta aukera bikaina zabaltzen da beren ingurumen-programak uztartzeko. Ingurumen aldagai ezberdinak aukeratu dira, besteak beste: lurzorua, paisaia, energia eta klima aldaketa, kontsumo jasangarria…jorratzeko aukera izango dute gurekin lanean jardungo diren ikastetxeak. Azken finean, proiektua komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen jasangarrian esku hartu eta laguntzen du. Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da xede nagusia.Ikasturtean zehar emango dizuegu programari buruzko xehetasun gehiago, bitartean animo eta lanera!

Hondakinen prebentzioa elkarte gastronomikoetan

Hondakinen prebentzioa elkarte gastronomikoetan

Irunen eta Hondarribian 60 elkarte inguru daude sukalde eta jangelarekin. Herritar kopuru altua mugitzen da haien inguruan eta sortzen duten hiri-hondakin kantitatea ere garrantzitsua da.

Txingudiko Zerbitzuak erakundeak kanpaina berezia jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz bi udalerri hauetako elkarte gastronomikoetan hiri-hondakinen prebentzioa eta birziklapena sustatzeko.

Artelatzeko ingurumen teknikariek elkarte guztiak bisitatuko dituzte urrian zehar haien arduradunekin elkartuz. Bakoitzaren egoera ezagutuko dute lehenik, bertako hondakinen kudeaketa hobetzeko proposamenak luzatu ahal izateko. Helburu nagusia hondakin gutxiago sortzea eta elikagaien xahutzea saihestea izango da: janari-hondarrak aprobetxatzeko ontziak banatuz edota bilduki gutxiagoko produktuak proposatuz… Bestalde, sortutako hondakin guztien gaikako bilketa ondo egiteko laguntza eskainiko da, aholkularitza eta baliabide materialen bitartez (kuboak, poltsak…).

Parketxeak ikasturte berrirako prest

Parketxeak ikasturte berrirako prest

Ikasturte hasierarekin batera hasi zaizkigu Parketxeak ikaslez betetzen. Uda osteko eguzki izpi eta paisaia berdez gozatzeko aukera dugu oraindik, ate joka dugun udazkena heldu aurretik. Ikasturte honetarako makina bat taldek egin dute erreserba dagoeneko eta ikastetxe guztietara egiten dugu deialdia, gure Parketxeetako ateak zabalik dituzue.