Urtea ondo hasteko, Artelatzek kudeatzen dituen Aralar, Anduetza eta Aditurriko Parketxeen eskutik gure lurraldeko hiru baserri desberdinetara bisitak antolatu dira bertako lana eta bizimodua gertuagotik ezagutzeko helburuarekin, lehen sektorea balioan jarriz eta gure kultur paisaiekin duten lotura zuzena ulertuz.

Bisitak oso arrakastatsuak izaten ari dira eta familian egiteko oso egokiak. Bertan, baserrietako instalakuntza desberdinak ikusten dira, bertako produktuak dastatzeko aukera egoten da eta txikienek baserriko animaliekin kontaktu zuzenaz gozatzen dute.

Hauek dira bisitatzen diren baserriak: Ondarre Gaztandegia (Segura) Zegamako Anduetza Parketxearen eskutik, Iztueta Baserria (Lazkaomendi) Aralarko Parketxearen kasuan, eta Adarrazpi Gaztandegia (Urnieta) Arditurri Parketxearen bitartez. Urte sasoiaren arabera Aralar eta Aizkorriko larreetan edota baserrietan aurki daitezke animaliak. Bi gaztandegietan ardiak eta beraien arkumeak dira protagonista eta bietan gazta desberdinak dastatzeko aukera dago.  Iztueta baserriaren kasuan, behiak dira erreginak eta beraien esne goxoarekin egindako jogurt eta izozkiak dastatu daitezke.