1. Lizarrustiko txondorra ikusgai

Abenduaren 3an piztu genuen Lizarrustiko txondorra eta abenduaren 23ra arte egongo da piztuta. Hiru aste horietan zehar ikusgai egongo da gerturatzen den ororentzat. Gerturatu zaitezte Aralarko Natura Parkera ikazkinen lana bertatik bertara ezagutzera.

  1. Trenez Arditurrira

Abenduko zubian Arditurriko meategia ezagutzeko aukera aparta duzue: tren berdearekin bertaraino hurbildu eta Arditurriko meategian barneratu ahal izango zarete, eta hori guztia prezio borobilean. Gainera, abenduaren 1ean zabaldu zen erakusketa ere egongo da ikusgai. Erreserba egitea nahitaezkoa izango da.

  1. Hegazti askatzea Arantzazun

Datorren abenduaren 8an, ostiralarekin, Arantzazuko Parketxeko inguruetan, Igeldoko Arrano Etxean sendatutako zapelatz batzuk askatuko dira. Plan ederra proposatzen du beraz Arantzazuko Parketxeak datorren zubirako, ez galdu aukera eta zatoz momentu magiko hau bizitzera!

  1. Anduetza Parketxea, Goierriko bihotzean

Anduetza Parketxea zabalik egongo da zubi osoan zehar, egurraren berezitasunak, Aizkorri-Aratz Natura Parkeko altxorrak eta askoz gehiago ezagutzeko aukera eskaintzen dizue Anduetza Parketxeak. Gerturatu Zegamara zubi honetan!

  1. Iturraran Parketxea

Iturraran XVIII. mendeko jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen baserri ederra da eta bisitarientzako harrera-gunea izateaz gain, Pagoetako Parke Naturalaren inguruko informazioa jaso daiteke bertan.