Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Ataunen Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta hura gizarteratzen jarraitzeko ekimena jarri genuen abian urriaren 30ean, I. MITOALDIA.

Urriaren 30etik azaroaren 4aren artean ospatu genuen mitologia aste berezi hau. Ikastetxeentzat tailer bereziak egin genituen, ipuin kontaketa antzeztu bat eskaini genuen, Toti Martinez de Lezea izan genuen gonbidatu berezi moduan solasaldi interesgarri bat ematen eta Jentilen Etorrera ikuskizunak eman zion amaiera aurtengo Mitoaldiari. “Aurtengo” diogu, eta ez alferrik, hurrengo urteetan errepikatzea nahiko genukeen egitasmo batez ari baikara.

Bizi mitologia Ataunen!