Ugariak dira kale garbiketaren gaiarekin lotutako programa eta ekintzen inguruan galdetzen diguten udal instituzioak. Gai honekiko hiritarren zati batek duen sentsibilitate eskasak, arazo hau udal arduren artean lehentasunezko gaia bilakatzen du.
Egun, Irun eta Hondarribiako Txingudiko Zerbitzuak eta Zestoako Udalarekin lanean dihardugu gai honetan. Bezero bakoitzak, bere behar eta baliabideen arabera, diseinatuak ditugun ekintzen artean hautatzen du. Gai-zerrenda anitza da: txakurren gorotzak, litxarkerien bilgarriak, pintadak, kaleko altzarien hondatzea, kale-zurruta, edukiontzietatik kanpo uzten diren hondakinak, txikle hondarrak, zigarro-puntak, hondakin txikiak oro har…; hortaz, publiko hartzailea ere anitza da. Ekintza espezifikoak lantzen den gaiaren eta publiko hartzailearen araberakoak dira, baina biztanleri orokorrari zuzendutako komunikazio ekintzak, ikastetxe zein elkarteei zuzendutako heziketa tailerrak, sektoreko profesionalekin zuzeneko kontakturako ekintzak, esparru kultural desberdinetako hezitzaileentzako formaziozko programak… izan daitezke.
Hurrengo buletinetan kale-garbiketaren arazoari aurre egiteko esperientzia berriak azaltzea gustatuko litzaiguke.