Urtarrilaren 26an Ingurumen Hezkuntzaren Munduko Eguna ospatu zen eta egun berezi honetan ere, Artelatzeko ingurumen hezitzaileak Urnietako ontziak sailkatzeko plantan izan ziren Hernaniko Langile Ikastolako ikasleei edukiontzi horian biltzen diren metalezko, brik eta ontzi arinen sailkapenaren nondik norakoak erakusten.

Artelatzek urteak daramatza ingurumen hezkuntzaren alorrean Gipuzkoako hainbat instalazioetara bisita gidatuak eskaintzen,  ura, hondakinak eta kultur ondarea bezalako gaiak landuz. Gaur egun uraren hiri-zikloarekin lotura duten Gipuzkoako Ur Kontsortzioko eta Txingudiko Zerbitzuak-eko instalazioetara (urtegiak, edateko uren araztegiak, hondakin urak tratatzeko araztegiak, horniketa sarea…) bisita gidatuak eskaintzen dira. Hondakinen gaia jorratzeko, hauen sailkapenarekin zerikusia duten San Markos eta Sasieta mankomunitateetako instalazioetara (zabortegiak, sailkapen plantak, konpostatze planta, garbiguneak…) bisitak eskaintzen dira ere. Urte osoan zehar ikastetxe zein norbanakoei zuzenduriko askotariko jarduerak eskaintzen dira ere Gipuzkoako hiru natura parkeetan kokatzen diren parketxeetan (Arditurri, Aralar eta Anduetza Parketxeak )  eta Urretxuko Mineral eta Fosilen Museoan, kultur ondarea ezagutzera emateko.