Konpostajearen gaia modu praktiko eta parte-hartzailean lantzea du helburu ZiSare programak eta ikasleek ikastetxean sortzen dituzten hondakinetatik abiatuta, ikasleek materia organikoak izan dezakeen balioaz jabearaztea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntzarekin, programak konpostagailu bat martxan jartzeko aukera eskaintzen du, ikastetxeetan sortzen den materia organikoaren zati bat konpost bihurtzeko, ikastetxe bereko baratze eta lorategietan erabili daitekeena.

Urola Kostan 2014-2015 ikasturtean jarri zen martxan eta ikasturte honetan, Txingudi gehitu da programara. ZiSare Programan ikasleak arduratzen dira konpostajearen jarraipenaz, hondakin organikoak isurtzen dituzten aldiro landa koadernoa betez. Konpostaren prozesua eta kalitatea bermatzeko, konpostajean aditua den teknikariak hilean behin konpostagailuen jarraipena egiten du. Datuen bilketaz gain, ikasleei gaia irakasteko, gelan bi saio praktiko garatzen dira, ingurumen hezitzaile baten laguntzarekin. Saio hauetan konpostajearen arduradun biologikoak (makroorganismoak eta mikroorganismoak) eta konpostaren aplikazioak ezagutzeko aukera dute ikasleek.