Otsailaren 7an, larunbata,  Bigarren Eskuko merkatu berezia izango da Donostian, DSS2016 egoitzan (Easo kalea 43). Izan ere, INAUTERIAK hartuko dute leku nagusia, bai salmenta postuetan bai Gordailu-salmentan bildutako gauzetan.

Goizeko 10:00etatik 14:00etara zabalik egongo da herritar guztientzat. Elkarte, ikastetxe eta partikularrek 40 salmenta postu inguru jarriko dituzte; mozorroak eta Inauterietako osagarriak dituztenek lehentasuna izango dute salmenta-postuak banatzerakoan. Bestalde, ohiko Gordailu-salmenta zerbitzua ere zabalik izango da, 9:00etatik 10:00etara jasoko dira gauzak eta 14:00etan saldutako diruaren edo utzitako objektuen bila joan behar da. Ohiko merkatuetan arroparik ez da hartzen Gordailu-salmentan baina oraingoan  mozorroak eta osagarriak eramatera animatu nahi dugu jendea.

Donostiako Udaleko Ingurumen sailak antolatzen du Donostitruk, DSS2016 ekimenaren lankidetzarekin eta hileko bigarren larunbat guztietan antolatzen da; otsailean astebete aurreratu badugu ere Inauteriak bete-betean ez harrapatzeko.

Erabilitako objektuen berrerabilera sustatzen duen ekimen arrakastatsu honek 10 urte bete ditu jada eta ARTELATZek antolaketa zein garapen teknikoan hartzen du parte. Informazio gehiagorako: www.donostitruk.org, 943483390