Irailaren 22tik urriaren 12ra txondorra piztuta mantendu dute Lizarrustiko parketxean Jose Ramon Agirre “Marron” eta bere “ikazkin” taldeak. Garai batean oso zabaldua izan zen Aralarren ikazkin lanbidea, duela 60 urte inguru bitartean mantendu delarik. Ekimen honekin gizakia eta basoaren arteko harremana azaldu nahi izan da, pago motzen egur-mozketa teknika berezia ezagutuz. Hiru aste horietan ehundaka bisitari izan dira Lizarrustin txondorra ikusten, ikastaldeak zein norbanakoak. Irailaren 22an piztuera jaia egin zen moduan, urriaren 12an egurrikatza ateratzeko jaia antolatu zen: Ibilaldi gidatua, txalapartariak, bertsolariak, Zero Sette akordeoi orkesta, Ikazkin menua dastatzeko bazkaria… Guztira 300 pertsona baino gehiago hurbildu ziren, giro ezin hobea nagusi izanik.