Ibilaldia Lizarrustiko Parketxetik abiatu zen, Ataunen, eta Jentillarriko trikuharrirainoko bidea egin zen. Bidean zehar Aralarko mendi eta basoen historia ezagutzeko aukera paregabea izan zen luxuzko gidariari esker, zeina basogintzan aditua den. Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak antolaturiko udazkeneko jardueren barneko ibilaldi gidatua izan zen hau; beste askoren artean aukera paregabea Gipuzkoako Parke Naturalak ezagutzeko.Aukera ederra izan zen ia 11.000 hekatareako azalera duen parke hau sakonki ezagutzeko. Nabarmentzekoa da Aralar duela 50 milioi urte altxaturiko goi-lautada da eta kareharriz osatuta dagoenez, elementu horri loturiko leize, haitzulo eta lurrazpiko errekak jasotzen ditu. Parkearen azaleraren laurdena pagadiz estalita dago. Horien gehiengoak, Lizarrustiko gaina eta Balankaleku artean agertzen dira, Gipuzkoako pagadirik zabalena osatuz. Natura-ondarearen benetako harribitxia. Kareharri eta pagadiekin batera, zelaien garrantzia ere aipagarria da, azkeneko 5.000 urteetan gutxienez, abereen bazkaleku izan baitira. Horregatik, artzaintzari loturiko kultura Aralarrekin bat dator: larreak, artaldeak, kortak, Jentilarriren moduko trikuharriak eta Idiazabal gazta. Paraje hauek eskainitako baliabideak anitzak izateagatik, beste jarduera batzuk ere garatu dira. Hala, meategiak eta baso-ustiapena ere oso garrantzitsuak izan dira.