Gipuzkoako Ur Kontsortzioak bisitaldi-gidatuen programa sendoa eskaintzen du eta argi geratu da geroz eta gehiago direla bisitaldi didaktiko eta atsegin batez gozatzeko instalazio horiek hautatzen dituzten talde eta ikastetxeak. Izan ere, 2007-2011 bitartean, 34.452 bisitari pasa dira guztira Ur Kontsortzioak Gipuzkoan dituen 17 instalazioetatik, urtegien, edateko uren araztegien eta hondakin-uren araztegien artean. 1990n eratu zen erakunde publikoak 72 udalerritan bizi diren 312.000 herritar baino gehiagori ematen die zerbitzua; hau da, Gipuzkoako lurraldearen % 86 hornitzen du.

Badira hogei urte www.artelatz.eus ingurumen-zerbitzuetarako enpresak, bisita-programa kudeatzen duela onespen handiz. Programari esker, bisitariak ur-zikloari, uraren erabilera arrazoizkoari eta ur-aurrezpenari buruz ikasten dute, bai eta, ingurumena zaintzean, ekintza horiek duten garrantziari buruz ere.  Era berean, informazio hori Gipuzkoako Urak-en webgunean jaso da, material didaktikoari eskainitako atal espezifiko batean Ura gure altxorrik handiena” uraren kulturaren gaia lantzeko bereziki erabilgarria dena, dela bisita aurretik zein ondoren.  Talde txikietan eta beti ingurumen-hezitzaile batekin, parte-hartzaileak ordu eta laurden inguru dirauen bisita gidatua egin eta aktiboki hartzen dute parte.

Hazkundea 2011n 2010. urtean baino 1.200 bisitari gehiago izan dira 2011n; gerturatutako 6.260 bisitariek bisita-programa bermatu dute eta Gipuzkoan finkatuz doan zerbitzua dela erakusten dute. Parte-hartzaile gehien-gehienak ikasleak eta irakasleak izan dira. Zehazki, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta unibertsitateetako ikasle-taldeak bertaratu dira. Hautatutako hizkuntzari dagokionez, parte-hartzaileen % 91,9k euskarazko bisitak aukeratu zituzten, % 8,08k, berriz, nahiago izan zuen azalpenak gaztelaniaz jasotzea. Oso erraza da bisita-programan izena ematea. Webgunera sartu besterik ez da behar —esteka honen bidez egin daiteke — eta formulario erraz bat bete; bisita antolatzen duen enpresa arduratuko da taldearekin harremanetan jartzeaz eta hobekien datorkien eguna eta ordua hitzartzeaz. Bisitaldi guztiak idatziz ebaluatzen dituzte bisitariek berek eta balorazioek asebetetze-maila handia islatzen dute. Gipuzkoako Ur Partzuergoak ez du zalantzarik ingurumen-heziketa arloan egiten duen lan-ildoarekin jarraitu behar duela. Duela gutxi bisita-menuan sartu dituzte martxan jarritako azken bi instalazioak: Adunako Uralde instalazioa eta Arrasatekoa, hondakin uren araztegiak biak. Amaitzeko, erakundeak herritar guztiak (hezkuntza-zentroak, elkarteak eta bestelako taldeak) animatzen ditu doako bisita-zerbitzuan parte hartu dezaten.