Errenteriako Udalak hondakinen inguruko sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina berri bat jarri du abian, Artelatzen laguntzarekin, herritar guztiek, bolumen handiko hondakinen gaikako bilketa modu egokian egin dezaten. Bilketa-sistema horretan parte hartzeko, telefono zenbaki batera deituz hondakinak etxe ataritik jasotzeko hitzordua finkatu behar dute lehenik. Kontua da, oraindik herritarren zati batek nahi duenean eta nahi duen lekuan uzten dituela hainbat hondakin. Jokaera desegoki horrek kalte ugari eragiten ditu bai herritarrentzat bai udal-kudeatzaileentzat: zikinkeria kalean, irisgarritasun-arazoak, mina hartzeko arriskua, bilketaren kostu gehigarria…
Udalak, eginak ditu aurrez ere hainbat informazio-kanpaina eta ikusirik, gutxiengo baten axolagabekeria herritar guztiok jasaten dutela, isunak jartzearen bidea ere aktibatu du.
Sentsibilizazio kanpainari dagokionean, bandoa eta informazio kartela jarri dira atari guztietan, oihal inprimatua daramaten hesiak jartzen ari da hondakinen bilketa-puntuetan eta arreta deitzeko eranskailuak jartzen dituzte modu desegokian ateratako hondakinetan.
Eragin positiboa izan du herritarrengan, hitzordua finkatzeko dei kopurua nabarmenki handitu baita eta gaizki utzitako hondakin-kopurua, aldiz, gutxitu egin da.
Hala eta guztiz ere, azpimarratu beharra dago, Errenterian, hondakinen gaikako bilketaren datuak bikainak eta zoriontzeko modukoak direla (% 62,8), herritar gehienen eguneroko ahaleginari esker.