Sasieta Mankomunitateko (Goierri eta Urola Garaia) Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zuzenduriko hondakinei buruzko kanpaina garatzen ari da beste urte batez jarraian urrian, azaroan eta abenduan zehar.
Kanpaina hau, Hondakinak kitto! izenburupean egin da eta parte hartzaileak, LH-ko 22 ikastetxe eta DBH-ko 11 ikastetxe izaten ari dira. 76 taldek izena eman dute guztira LH-ko 944 ikasle izanik, eta DBHn berriz, 712 ikasle izanik. Kanpainan parte har zezaketen ikastetxe guztietako gela guztiak parte hartzen ari dira aurten, bai LH eta bai DBHn ere.
Kanpaina honetan ohiki jorratzen diren gaiak Murrizketa, Berrerabilpena eta Birziklapena izaten dira batez ere. LH-n bi saio burutu dira ikastalde bakoitzarekin, bata gelan eta bigarrena patioan. DBH-n aldiz, saio bakarrean, gaur egungo gizarte kontsumista, publizitatea, merchandising teknikak ere aipatzen dira, aurrekoez gain.
Urtez urte, oso arrakastatsua den kanpaina bat da oraintsu aipatutakoa, beti ere modu dinamikoan lantzen direlako kontzeptuak eta jolas moduan planteatuta errazago ikasten dutelako ikasleek gu geu garela sortzen ditugun hondakinen arduradun eta modu egokian kudeatu behar ditugula.