Deba eta Mutriku izan dira orain arte Debabarrena Mankomunitatearen barruan materia organikoa modu bereiztuan biltzen ez zuten bakarrak. Horren ondorioz, beren hondakinen gaikako bilketa-tasak %30ean daude, Debabarrenako baxuenak. Sistema berriaren ezarpenak %60a gainditzea eta eskualdeko lehen postuetan jartzea du helburu.
Azaroaren 24 eta abenduaren 23 bitartean ezarriko den sistemak txartel elektroniko batean du oinarria. Txartel honek edukiontzi marroia irekiko du, non materia organikoa botatzeko aukera egongo den, eta baita edukiontzi gris berria ere, orain arte egon den edukiontzi berdea ordezkatuko duena, non birzikla ezin daitezkeen hondakinak botako diren.
Kanpainak komunikazio fase bat izan du, non prentsaurreko bat eskaini, etxebizitza bakoitzera pertsonalizatutako eskutitz bat bidali, bide publiko zein eraikin publikoetan helburu horretarako egokitutako eremuetan kartelak jarri, edukiontzi berdeetan horma-irudiak jarri eta herritarrei zuzendutako informazio hitzaldiak eman diren.
Familiak helburu horretarako egokitu diren aretoetara joan behar dira eta bertan Artelatzeko ingurumen hezitzaile talde batek artatuko ditu. Familia bakoitzak 10 litroko edukiontzi marroi bat jasoko du, baita poltsa konpostagarriak, txartel elektronikoa eta birziklapenerako gida erabilgarri bat ere, azken honetan hondakinak bereizteko zalantza nagusiak argitzen direla.
Kanpaina hau ekoizle bereziei ere zabaltzen zaie (saltoki, ostalaritza, zerbitzuak, udal-bulego…), zeinentzako bakoitzaren beharren araberako berariazko materiala dagoen.