Maiatzeko azken asteburuan burutu du Tolosaldeko Mankomunitateak Tentuz eta zentzuz birziklapen kanpainako azken saioa. Kanpainari martxoan eman zitzaion hasiera eta azken saioarekin amaiera emateko, puxikek kolore hori, urdin eta berdez margotu zituzten Tolosako kaleak, herritarrak ongi birziklatzera animatuz.
Kanpaina honen bitartez, birziklatze tasa igo eta hobeto birziklatzea bilatu da, birziklapenaren kalitatean oinarrituz. Horretarako kalean ekintza ezberdinak egin dira: trizikloen informazio puntu mugikorra eta puxiken informazio puntua. Azken saioan puxiken informazio puntua jarri zen Triangulo plazan eta bertatik pasa zirenei, hondakin bati lotutako puxika bat puntu batetik bestera eramatea proposatu zitzaien, beste aldean gaikako lerroan egoki lotzea lortu behar zutelarik.
Ekimen honek herritarrekin harreman zuzena ahalbidetu du, zalantzak argitzeko espazio bat bilakatu delarik. Herritarren denbora eta arreta eskertzeko, poltsa berrerabilgarriak banatu dira parte hartzaileen artean.