Azaroaren 23an piztu zen txondorra Arditurriko Parketxean arratsaldeko 18:00etan, Oiartzungo Ikazkintza 2013 ekimenari hasiera emanaz. Festa giroan ospatu zen, izan ere, bertsolari eta tobera joleak izan ziren piztueran. Arratsaldeko 17:00etan eman zitzaion hasiera festari haur jolasekin. Gaztain erreak eta sagardoa ere egon ziren gerturatu zirenentzako. Tren Berdea arratsaldeko 16:30etatik aurrera eta atzera ibili zen bidegorrian zehar bisitariak Arditurrira eramaten. Iazko txondorraren bideoa eta 2013ko “Txondorra egunez egun” argazki erakusketa ikusi ahal izan zituzten bertaratu zirenek. Arratsaldeko 18:00etan piztu zuten txondorra Jose Manuel Etxarte eta Jose Billaluze oiartzuarrek. Ondoren, Jose Manuel Etxartek duela 64 urte bere aitari sozioak jarritako zortzi bertso kantatu zituen txondorraren gainean, hau izan zelarik arratsaldeko momenturik hunkigarriena.

Txondorra piztuta egongo den egunetan, azaroaren 24tik abenduaren 14ra bitartean, txondorra ikustera bisitak egiteko aukera izango da, norbere kabuz edo gidatuta. 2012ko txondorrari buruzko bideo-emanaldiak eta argazki erakusketa ere egongo dira ikusgai tarte horretan. Bisiten ordutegia asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara, eta larunbatetan 16:00etatik 18:00etara ere izango da. Bisita gidaturako ordua aldez aurretik hartu behar  da Arditurriko Parketxera (943 49 50 69) edo Oiartzungo Turismo Bulegora (943 49 45 21) deituta. Abenduaren 14an, txondorra itzaliko da, orduan ere festa giroan. Handik ateratzen den ikatza Olentzeroren Laguntzaileek Oiartzungo plazara igoko dute abenduaren 24an, Olentzeroren ongietorrian.

Ekimenaren antolatzaileen artean Oiartzungo Udala, Gipuzkoako Parketxe Sarea eta Gipuzkoako Foru Aldundia daude, Biodibertsitatea eta Zuhaitz motzei lotutako Life programaren bitartez.

Informazio gehiago:

Arditurriko Parketxea

943 494521/943 495069

arditurri@gipuzkoamendizmendi.net

www.gipuzkoamendizmendi.net