Otsailaren 23an zabaldu zen berriz Lizarrustiko parketxeko (Ataun) ostalaritza zerbitzua: taberna, jatetxea eta aterpea.
Joxe Ramon Agirre “Marron”-ek hartu du zerbitzu horren kudeaketaren ardura, hiru hilabetez itxita egon ostean. Hainbat hobekuntza egin ditu jada, horien artean, aterpeak 45 pertsonentzako lekua du orain eta logela txikiak ere bereiztu ditu. Taberna-jatetxea zabalik egongo da egunero, astelehenetan izan ezik, goizeko 9:00etatik afalosterarte.
Lizarrustiko parketxeak Aralarko parke naturalaren inguruko interpretazio gunea ere badauka. Eraikina Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eta Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak kudeatzen du. Azken erakunde horren ekimenez, Lizarrustiko parketxean bisitariei zuzendutako arreta eta dinamizazio lanak egiten ditu Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak kooperatibak, besteak beste: ikastaldeekin ingurumen-hezkuntza egonaldiak, bisitariei arreta eta informazioa eskaini, ekitaldi bereziak antolatu (ibilaldi gidatuak, erakusketak…). Aralarko parketxe hedatua osatzen du Ataunen dagoen JM Barandiaran museoarekin batera.
Zabaltze-ekitaldian egon ziren besteak beste, Jon Peli Uriguen (GFA-ko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatua), Julian Unanue (departamentu bereko zuzendaria) eta Igor Aierbe (Ataungo alkatea), baita Luis Mari Zaldua (Gipuzkoako Parketxe Sareko zuzendaria) ere. Hurbildu ziren herritar eta bisitari ugariei hamaiketako ederra eskaini zitzaien, giro ezinhobean.
Lizarrusti Aralarko parke naturaleko sarbide nagusietako bat da eta urtean milaka bisitarien ibilaldien abiapuntu eta helmuga izaten da.
Informazio gehiago: www.gipuzkoamendizmendi.net