EURONET 50/50 max eraikin publikoetan energia aurreztea helburu duen proiektu europearra da, instalazioen erabilera egokitik eta energiaren kudeaketa arduratsutik abiatuta. Proiektuak lortutako energia aurreztea sustatzen du ekonomikoki; horrela, Udalak konpromisoa hartzen du lortutako aurrezpen ekonomikoaren % 50 ordaintzeko ikastetxeari, eta ikastetxeak konpromisoa hartzen du aurreztera bideratutako neurriak aplikatzeko eta proiektuaren buru izateko.
Kasu honetan proiektua Hernaniko bi ikastetxetan inplementatzen da, zehazki Txirrita ikastetxean eta Urumea ikastolan.
Baina aurrezteaz gain, proiektuak eskola-komunitatean energia-kontsumo egokien inguruan sentsibilizatzea eta heztea sustatzen du. Are gehiago, metodologiak ikasleen kontzientzia energetikoa garatu eta haien ikaskuntza bideratu nahi du, ikasitako guztia eskolan, etxean eta beste edozein lekutan aplika dezaten.
Proiektu honetan, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SLren erronka nagusia da adin guztietako ikasleak proiektuan sartzea, motibazio- eta konpromiso-maila handiarekin. Horretarako, alde batetik energia-auditoria abian jartzen ari gara, non ikasleek datuak hartu behar dituzten beharrezkoak diren tresnak erabiliz: iparrorratza, termometroa, luxometroa, kontsumo-neurgailua, CO2 neurgailua eta detektagailu termiko infragorria. Eta bestalde, lau kontzientziazio-saio prestatzen ari gara.
Lau saio horiek ikasturtean zehar banatuko dira eta teknologia berriek protagonismo handia hartuko dute. Lehenengo saioak aurrez aurreko energia-ibilbide bat egin eta garatu izango du helburu, birtuala izateko aukerarekin; bigarrena trantsizio energetikoari buruzko aurkezpen gamifikatu bat izango da; hirugarrena energia-kontsumoa Garapen Jasangarriko Helburuekin lotzen duen mahai-joko bat izango da; eta ikasturtean ikasitako guztia bilduko duen proba eta erronkekin osatutako tribial erraldoi batean oinarrituko da azkena.