Naturarekin harreman estua izateak bizimodu osasuntsua lortzeko lagungarria baino, nahitaezkoa dela konturatzen ari da gero eta jende gehiago. Gipuzkoako Parketxe Sareko parketxeetan ateak zabalik dituzte, bisitariak hartzeko eta plan bikainak eskaintzeko. Astero-astero, etxe ondoan ditugun paisaia kultural zoragarriak ezagutzeko eta ulertzeko jarduera bereziak programatzen dituzte Gipuzkoanatura.eus webgunean dago informazio guztia.
Asteburu honetan, besteak beste, Arantzazu parketxean, bi zapelatz askatuko dituzte larunbatean, Arrano etxean sendatuak izan direnak. Igandean aldiz, familia-taldeei zuzendutako “Arantzazuko altxorren bila” jolasa egingo da.
Zegamako Anduetza parketxean “Iparra galdu gabe” orientazio jolasa egingo dute larunbatean, eta igandean, San Adrian igarobidearen sekretuak eta azken aurkikuntzak ezagutzera joango dira, Aldaolako aparkalekutik abiatuta.
Arditurriko parketxetik Muniskuegañeko multzo megalitikora egingo dute txangoa larunbatean, Urnieta-Hernani artean dagoen altxorra ezagutzera; igandean, Mineralen bila ibiliko dira familia giroan Arditurri parketxetik abiatuz.
Ataunen, Joxemiel Barandiaranen oinatzetan ibilaldi gidatuan, ikerlari ataundarranen bizitzaren eta lanaren hainbat pasarte emango dira ezagutzera igandean, haren txoko eta inguru kuttunenak bisitatuz.
Aiako Iturraran parketxean ere beste hainbat jarduera interesgarri dituzu (Agorregiko burdinola, Galdutako erlearen bila…).