2019 urteko parte-hartze aurrekontuetan Urumea ibaiaren garbiketa DBHko ikasleekin izan zen proposamen bozkatuenetako bat.

Hori dela eta, Artelatzen lantaldearen laguntzarekin, bi saio bi garai desberdinetan garatu dira:

  • Bata ekainaren 17an egin zen Fagollagako presa inguruan Hernani BHIko 3. mailako ikasleekin.
  • Bigarren saioa irailaren 27an, aurreko leku berean, Floridan eta Karabel ingurunetan, Hernani BHIko aurreko taldeaz gain, Inmakulada ikastetxeko DBHko 4 mailetako ikasleen parte-hartzearekin eta Lanbide Heziketako Gizarte Berrikuntzako ikasle batzuekin. Azken saio hau ostiralean izanda, “Fridays For Future” mugimenduari ekintza proaktibo batekin indartu nahi izan da, ingurumenaren aldeko jarduera bat sustatuz neska-mutilen ekimenez.

Saio hauen helburua, uda partean bainatzeko gune bezala herritar askok erabiltzen dugun lekuari eta ibaiaren ertzei garrantzia ematea da, denon esku baitago gure erreka eta ibaiak garbi mantentzea.

“Hondakin onena sortzen ez dena da!” lelo honekin, herriko plazan ikusgai egon ziren ostiral arratsalde osoan ikasleek jaso zituzten hondakin guztiak, herritarrok kontzientzia gaitezen.