Sasieta Mankomunitateko (Goierri eta Urola Garaia) Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zuzenduriko hondakinei buruzko kanpaina garatu da urrian, azaroan eta abenduan.

Kanpaina hau, Hondakinak kitto! izenburupean egin da eta parte hartzaileak, LH-ko 20 ikastetxe eta 738 ikasle, eta DBHn berriz, 11 ikastetxe eta 668 ikasle izan dira.

Jorratu diren gaiak Murrizketa, Berrerabilpena eta Birziklapena izan dira batez ere. LH-n bi saio burutu dira ikastalde bakoitzarekin, bata gelan eta bigarrena patioan. DBH-n aldiz, saio bakarrean, gaur egungo gizarte kontsumista, publizitatea, merchandising teknikak ere aipatu dira, aurrekoez gain.

Urtez urte, oso arrakastatsua den kanpaina bat da oraintsu aipatutakoa, beti ere modu dinamikoan lantzen direlako kontzeptuak eta jolas moduan planteatuta errazago ikasten dutelako ikasleek. Gainera, irakasle zein gurasoen parte hartzea ere izan du, guztiok baikara gaur eta etorkizunean hondakinen arduradun.