Euskal Herriko edozein eskualdeko bizi sozialean presentzia garrantzitsua izaten dute elkarte gastronomikoek, baita Bidasoa Behean ere. Lokal hauetan birziklatzeko jarrera jaitsi egiten denaren susmoa hartuta, Txingudiko Zerbitzuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuarekin elkarlanean, ingurumen sentsibilizazio kanpaina bat egiten ari da Artelatz Ingurumen Zerbitzuak S.L. enpresarekin. Kanpaina honen bitartez, hondakinen prebentzioa, berrerabilpena eta gaikako bilketa sustatu nahi dira Irun eta Hondarribiko 53 elkarteetan.

Kanpainaren lehen fasean, elkarte guztiekin harremanetan jartzea izan da lehen lana, ondoren euren hondakinak kudeatzeko sistema jasangarriago bat martxan jartzeko interesdunak bisitatu eta beharrezkoak dituzten baliabidez hornitzeko. Banatu den materiala ondorengoa izan da: soberan geratzen den janaria etxera eramateko ontziak; beiraren gaikako bilketarako 120 litroko edukiontzi berdeak (vacri sistemarekin, halako sistema daukan edukiontzirik gertu balego); papera eta kartoizko hondakinak biltzeko 90 litroko edukiontzi urdina; plastikozko, metalezko, egurrezko eta brik motako ontziak biltzeko 90 eta 30 litrotako edukiontzi horiak; materia organikoa biltzeko 10 eta 50 litroko edukiontziak, 10 litroko poltsa konpostagarriarekin eta kaleko edukiontzi marroiak irekitzeko txartelarekin batera; olioa gaika biltzeko inbutuak; eta gaikako bilketaren inguruan informatzeko euskarri grafikoak elkartean ikusgai jartzeko.

Kanpainan Hondarribiko 11 elkartek eta Irungo beste 27 elkartek eman dute izena, hau da, elkarte guztien %72ak. Otsailean zehar Artelatz Ingurumen Zerbitzuak SL berriz pasako da 38 elkarteetatik eta “in situ” egiaztatuko du sistema berriaren ezartze maila, hala nola, haietako bakoitzean sortutako arazoak identifikatuko ditu konponbide bat emateko asmoz.