Ikasturte honetan guztira 4 tona biohondakin konpost bihurtu dute ZiSare programan parte hartzen duten Behe Bidasoa eta Urolako Kostako ikastetxeetan. Programa honek hondakinen murrizketan sentsibilizatzea du helburu, ikuspuntu didaktikoa ahaztu gabe. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak enpresaren laguntzaz, Urola Kosta eta Txingudiko mankomunitateek ikastetxeetan biohondakinak konpostajearen bidez kudeatzeko sistema martxan jartzeko aukera eskaini dute.

ZiSare programak 2014-2015 ikasturtean eman zituen bere lehen urratsak, Urola Kostako 6 ikastetxeetan ezarri zenean. Ikasturte honetan, bigarren edizioan, Urola Kostako 9 ikastetxek hartu dute parte eta programa Behe Bidasoan ere ezarri da, Irun eta Hondarribiko 5 ikastetxe parte hartzen ari direlarik. Horrela, guztira 1.100 ikasle inguru ari dira zuzenki hondakinen prebentzioa oinarritzat duen programa honetan parte hartzen.

Ikasturte honetan guztira 4.345 kg biohondakin murriztu dira ZiSare programaren bitartez. Konpostagailuetara isuritako %77a, ikastetxeko jangeletan sortutako hondakin sukaldatuak izan dira eta %23a, sukaldatu gabekoak. Datuak benetan positiboak dira eta urtetik urtera kopuru hori handituz joango da ziur.