Ecovidrio eta Ecoembes-en eskutik, Tolosaldeko Mankomunitateak Birziklatu tentuz eta zentzuz kanpaina berria abian jarriko du martxoan. Kanpaina berri honen bitartez birziklatze tasa igo eta herritarrek gero eta hobeto birziklatzea lortu nahi da, birziklapenaren kalitatean oinarrituz.
Horretarako, kalean bi ekintza ezberdin egingo dira: puxiken informazio puntua eta trizikloen informazio puntu mugikorra. Puxiken informazio puntuan oinezkoei hondakin bati lotutako puxika bat puntu batetik bestera eramatea proposatuko zaie eta iristean, dagokion gaikako bilketa lerroan lotu beharko dute. Trizikloen informazio puntu mugikorrean aldiz, hiru triziklo ibiliko dira kalez kale, birziklapenarekin lotutako jolas ezberdinak eramango dituztelarik trizikloei loturiko paneletan.
Bi ekintza hauen helburua herritarrekin harreman zuzena bultzatzea izango da, harreman honetan sustatuko den elkarrizketa xume eta zehatzaren bitartez, gaika bildu behar diren hondakinen inguruko informazioa helaraztea. Herritarren denbora eta arreta eskertzeko, poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkie parte hartzen dutenei.
Parte hartu, tentuz eta zentzuz birziklatu!