Urtea ondo amaitzeko, abenduan Anduetza, Arditurri eta Aralarko Parketxe-Hedatuak jarduera berezi-bereziak eskainiko dituzte. Ohorezko gonbidatu bat izango dute gainera, izan ere, Olentzeroren bisita jasoko dute.
Arditurriko txondorra piztuta abenduaren 19ra arte
Azaroaren 21ean piztu zen Arditurriko txondorra eta piztuta mantenduko da abenduaren 19ra arte, Olentzeroren laguntzaileek festa giroan ikatza aterako duten egunera arte. Bitarte horretan, guztiok gonbidatuak zaudete taldean, familian nahiz bakarka txondorra bisitatzera, bisita gidatu bat eginez edota zuen kabuz bisitatuz. Aukera paregabea ikazkinen lana gertutik ezagutzeko!
Arditurriko Parketxea: 943 49 50 69 / arditurri@gipuzkoamendizmendi.net
Jentilak eta Olentzero ibilaldi magikoa Aralarren
Ataungo Lizarrusti Parketxetik abiatuta, abenduaren 19an Allekoko basoek mundu magiko batean murgilduko dute bisitaria, gauza harrigarriak gertatuko baitira inguruotan. Bidean, Aralarko jeinuak izango dira lagun: Olentzero, Jentilak…Ausartuko al zarete mundu magiko honetan murgiltzera?
Aralarko Parketxe-Hedatua: 943 18 03 35 / barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net
Zur eta Lur Anduetza Parketxean
Zur eta Lur kultur jarduerei amaiera emateko, abenduaren 12an “Marimundukoren ipuin harrigarriak” ipuin kontaketa emanaldia egongo da Maite Aizpuruaren eskutik (Jentilbaratza Kultur Elkarteko kidea). Hainbat pertsonaia mitologiko ere agertuko dira Zegaman kokatzen den Anduetza Parketxera.
Olentzerok ere bisitatuko du Anduetza Parketxea abenduaren 19an eta 20an. Azken jentilak bere bizitza kontatuko du eta gerturatzen direnek, berarekin taloa egin eta askaltzeko aukera izango dute.
Anduetza Parketxea: 943 80 21 87 / anduetza@gipuzkoamendizmendi.net