Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak ibilaldi gidatua antolatu du abuztuaren 8rako (larunbatarekin) Joxan Mujika Alustizaren eskutik azken aldian Aralarren burututako arkeologia-ikerketak eta berreskuratze lanak ezagutzeko. Pikuetaondarra-Naparbide eremua Aralarko Natura Parkean dago, Lizarrustiko parketxetik (Ataundik) oinez joanda ordubete ingurura. Bidea erraza bezain ederra da.
Gutxi dira Euskal Herrian Historiaurreko hainbeste aztarna dituzten inguruak: trikuharriak, zistak, monolitoak, baratzak (cromlechak)… Ikerketa lanak amaitu ez direnez, ezin bazter daiteke oraindik aurkikuntza gehiago egitea. Hain zuzen, Aralarren aurkituriko giza-aztarna zaharrenak (Neandertalek egindako tresnak) Pikuetaondarren azaldu ziren duela ez hainbeste.
Aurkikuntza horiek guztiak EHUko arkeologia irakasle titularra den Joxan Mujikak zuzenduriko ikerketa-taldeak egin ditu, Aralarren lanean urteak daramatzanak.
Irteeraren abiapuntua Lizarrustiko parketxea izango da, goizeko 9:00etan. Itzulera ordua 14:00etarako aurreikusten da. Prezioa: 5 €. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net / 943 180 335 / 688 895 069