Txingudiko Zerbitzuak zazpi urte daramatza bigarren eskuko merkatuak antolatzen Irun eta Hondarribian. Objektuen berrerabilera sustatzea eta berrerabileraren bitartez hiri-hondakinen prebentzioa bultzatzea da azken xedea. Egoera onean dauden erabilitako objektuak (liburuak, diskoak, kirol-materiala, arropa, jolasak…) saltzeko, oparitzeko edota trukatzeko topaleku apartak dira merkatu hauek.
Aurten, hiru merkatu antolatu dira goizeko 10:00-14:00 ordutegian:
- Maiatzaren 30ean, larunbata, Irungo Zabaltza plazan
- Uztailaren 19an, igandea, Hondarribiako San Pedro kalean
- Urriaren 18an, igandea, Irungo Zabaltza plazan
Merkatuetan elkarte, ikastetxe eta herritar orok har dezake parte salmenta-postu bat erreserbatuz, gordailu-salmentan salgaiak utziz edo bisitari modura bertaratuz.
Salmenta-postuak erreserbatzeko www.txinzer.com web orrian aurkitzen den formularioa bete behar da edo 902 119 384 telefonora deitu. Eskariak ugariak direnez, Hondarribia eta Irungo bizilagunek lehentasuna izango dute. Gordailu salmenta erabili nahi duten herritarrek, goizeko 9:00etatik 10:00etarako ordutegian utzi beharko dituzte objektuak. Artelatz antolaketa teknikoaz eta garapenaz arduratuko da.