Otsailaren 28 eta martxoaren 1eko astebururako Zegamako Udalak eta Anduetza Parketxeak elkarlanean, “Martin Boada” zuhaitz bildumako 35 zuhaitz monumental eta bereziren ematearen inguruan, egitarau zabala antolatu du. Marti Boada geografoa, ingurumen gaietan aditua eta ibilbide profesional luzeko zientzialaria da.

Larunbateko ekitaldien artean azpimarratzekoa zuhaitzaren kulturaren inguruan (dendrokulturan) Martí Boadak emango duen hitzaldia Kultur Etxean 10:00etan hasita eta, kimika berdea gaitzat hartuta, Jordi Bartroli kimikari katedradunak emango duena. Halaber, Sant Celoniko “Basoaren Museoa” proiektua zertan datzan ezagutzeko aukera ere izango da eta Zegamako Udalari eman dizkioten zuhaitz berezi hauei buruzko azalpenak ere emango dituzte landatu diren tokian bertan.

Igandean berriz, Anduetza Parketxean izango da bi aditu hauen jakinduriaz gozatzeko aukera 11:00etatik 13:00era, interpretazio zentroa ikusteaz gain, bertan dagoen xilotekaren ateak irekiko direlako, mundu osoko 1500 zuhaitz ezberdinen oholtxoak bertatik bertara ikusteko eta ukitzeko parada izango delarik.