Uztailaren 19an Kiko alvarez biologoaren eskutik saguzarrak ezagutzeko irteera ospatu genuen Listorretako inguruan. Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu baina jende talde ederra animatu zen ugaztun hauek ezagutzera -ohiturak, bizimodua, saguzarren aniztasuna-, 70 lagun hain zuzen ere. Euskadi mailan dauden 25 espezietatik Aiako Harria Parke Naturalean 13 espezie bizi direla esaten dute adituek. Animalia hauek ehizatzen dute  ultrasoinuen bitartez -frekuentzia altuko soinuak entzuteko gai baitira-, beraz, biologoak azaldu zuen modura, soinu berezi horiek “itzultzen” duen tresna erabili genuen saguzarrak entzuteko eta ikusteko. Gaueko bederatzietatik aurrera, eguzkia ezkutatzean ekin genion saguzarrak ikuskatzeari, momenturik egokiena baita. Parte hartu zenuten guztioi… eskerrik asko!