2014. urteari hasiera ezin hobea emateko, birziklapena areagotzeko kanpaina abian jarri da, sentsibilizazio-ekimenak bultzatuko dira ingurumena zaintzeko helburuarekin. Horrela, Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak , Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen laguntzaz birziklapena sustatzeko kanpaina berria abian ipini du “Birziklatu” lemapean. Mankomunitatea osatzen duten herrietako biztanleek -Azkoitia, Azpeitia Aizarnazabal,Beizama, Bidegoian, Errezil eta Zestoa- zebra-pasaguneak gaikako bilketan oso ezagunak diren lau koloreekin apainduak ikusteko –eta zapaltzeko- aukera izan dute Gabonetan. Horrela, urdin koloreko edukiontzia paperezko eta kartoizko ontziak biltzeko da; horia plastikozko, metalezko eta brik ontziak; berdea beirazko botilak, poteak eta flaskoak eta, marroia, aldiz, materia organikoa.

Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak gehiago birziklatzeko ideiak jaso nahi ditu. Horretarako , urtarrilaren 10etik 31 bitartean Urola Erdiko Mankomunitateko herrietan bizi diren herritarrek lehiaketa berezi batean parte hartzeko aukera izan dute. Horretarako, bere postontzietan euskarri informatzaile bat jaso dute lehiaketaren ezaugarriekin. Lehiaketak birziklapenarekin lotutako hainbat iradokizun edo proposamen egiteko balio du eta hiru sari banatuko dira parte-hartzaileen artean: bi pertsonentzako bi asteburu Nekazalturismo batean eta spa zirkuitu baterako bi sarrera. Zure ideiak bildu ondoren, zure izen-abizenak ipini, telefono edo mugikorraren zenbakia, bete orria eta eraman zure herriko Udaletxera. Epaimahaia Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateko eta Udal bakoitzeko ingurumen teknikariek osatuko dute. Beraz, kanpainaren antolakuntzatik hiritargoa parte-hartzera gonbidatzen dugu birziklaketari buruzko ideiak bidaliz. Ziur gaude Ingurumena zaintzeko eta ontzien bereizketa egiteko ideia bitxiak bururatuko zaizkizuela. Zorte on!